71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Zabaltegi-Tabakalera
Zabaltegi-Tabakalera
Filmak
Filmak
Catarina Vasconcelos
Portugal 
91 min.
Beatriz Henriquerekin ezkondu zen 21 urte bete zituen egunean. Henriquek denboraldi luzeak igaro ohi zituen itsasoan, itsas armadako ofiziala baitzen. Lehorrean, Beatrizek landareen bertikaltasunetik ikasi zuen dakien guztia, eta sei seme-alaben sustraiak zaintzeaz arduratu zen. Zaharrenak, Jacintok, nire aitak, txori bihurtzearekin amesten zuen. Beatriz bat-batean hil zen. Nire ama ez zen bat-batean hil, baina hura ere nik 17 urte nituela hil zen. Egun hartan, aitak eta biok elkar topatu genuen, biok geure ama galdu genuelako, eta gure harremanak aita-alabena izateari utzi zion.
Laida Lertxundi
AEB - Espainia - Zeelanda Berria 
14 min. Film laburra
Genero literario baten izenburua hartuta, fikzioaren eta izatearen zehaztugabetasuna aztertzen du filmak. Film noir generoko elementuak espresiorik gabeko keinuak besterik ez dira Kaliforniako eguzkiaren argi distiratsuaren azpian. Zeelanda Berrian egindako landa-grabazioak entzuten dira, emakumeek euren artean amatasunari, abortuari, hausturei eta antsietateari buruz hitz egiten duten bitartean. Kale batean, eskubide zibilen aldeko desfile bat poliki-poliki mugitzen ari da. Gorpuak nekatuta, zaurituta edo geldirik agertzen dira, eta Irma Thomasen eta Goldbergen abestiek denboraren igarotzea eta zalantzazko etorkizuna ekartzen dute gogora.
Mindwax
© Mindwax
Peter Strickland
Hungaria - Erresuma Batua 
6 min. Film laburra
Erantzun Sentsorial Meridiano Autonomoa (ASMR) egiten duen online interprete baten eta haren ikusleen etengabeko erritualak.
Carla Simón, Dominga Sotomayor
Espainia - Txile 
19 min. Film laburra
Carla Simónen eta Dominga Sotomayorren arteko korrespondentzia bisuala. Beren bizitzako pasarteak partekatzen dituzte eta azaltzen dute zergatik kontatzen dituzten istorioak pantaila handian eta nola lortu duten gaur egun sortzaile izatea. Zinemari, familiari, herentziari eta amatasunari buruzko gogoetak, zinemagileek munduaz duten pertzepzioa une batez aldatzen duten errealitateekin gurutzatzen direnak.
Hong Sang-soo
Hego Korea 
77 min.
Senarra negozio-bidaia batean duela, Gamheek aspaldiko hiru laguni bisita egiteko aprobetxatuko du. Biren etxera joango da bisitatzera eta bestea halabeharrez topatuko du. Beti bezala lagun-giroan hizketan ari diren bitartean, korronte independenteek itsas gainazalaren gainetik eta azpitik zirkulatuko dute.
Naïla Guiguet
Frantzia 
20 min. Film laburra
Bertan behera utzitako biltegi batean, pertsona talde handi bat dantzan ari da, techno musika 145 BPMan jotzen ari direla. Dustin, transgender gazte bat, bertan dago bere lagun taldearekin: Félix, Raya eta Juan. Gauak aurrera egin ahala, histeria kolektiboa malenkonia gozo bihurtuko da, eta euforia samurtasun-irrika.
Nicolás Pereda
Kanada - Mexiko 
70 min.
Luisa eta Gabino Mexiko iparraldean kokatutako meatze-herri batera joango dira gurasoak bisitatzera, urteak eman ondoren horiek ikusi gabe. Elkarrekin eta gurasoekin harreman hotza dute, gatazka txikiz betea. Egoera hori jasateko, Gabinok errealitate paralelo bat imajinatzen du, eta langile-buruzagi desagertu baten bila dabilen baina tokiko mafia-sareetan erortzen den detektibe bat da errealitate horretan.
Bell Zhong
Txina 
18 min. Film laburra
Chao noraezean ibili ohi da hiriko kaleetan, ezer egin gabe. Bere etxean, aita emakumeekin obsesionatuta dago eta neoizko argien azpian edanda bizi da; amak aspaldi utzi zuen familia. Egun batean, Chaoren aitak, nahi gabe, bere amaren iraganari buruzko istorio bat kontatuko dio: nola ezagutu zuten elkar, iturri misteriotsu bati eta emakume misteriotsu bati buruzkoa. Jakin-minak bultzatuta, Chaok bere amaren sekretua, aitaren maitalearena –edo, azken batean, bere maitasun-nahi edo -irrika propioa– esploratzea erabakitzen du.
Sameh Alaa
Egipto - Frantzia - Belgika - Qatar 
15 min. Film laburra
82 egun bananduta eman ondoren, Adamek bide bihurgunetsu bat egingo du bere maitearekin kosta ahala kosta elkartzeko.
Philippe Garrel
Frantzia - Suitza 
100 min.
Gizon gazte baten lehen emakume-konkistak eta aitarengatik sentitzen duen maitasun sakona. Hori da Luc-en –Parisera lanbide-eskola batean sartzeko azterketa egitera joango den herriko gazte baten– istorioa. Kalean, Djemilarekin topo egin eta amodio labur bat biziko dute elkarrekin. Aitaren etxera itzultzean, haurtzaroko lagun Genevièverekin harreman bat hasiko du Lucek, baina Djemilak berriz ikusi nahiko du Luc. Eskolan onartuko dute protagonista, eta Parisera itzuliko da, Geneviève eta sabelean duen haurra atzean utzita.
Camilo Restrepo
Frantzia - Kolonbia - Brasil 
70 min.
Medellín, Kolonbia. Pinkyk ihes egin du. Sekta erlijioso baten kontrolpetik askatu berri da. Lo egiteko leku bat aurkitu eta kamiseta-fabrika batean hasiko da lanean. Bere fedeak nahastu egingo du Pinky, eta dena zalantzan jartzen hasiko da. Hautsitako bere bizitzaren zatiak konpontzen saiatzen ari dela, oroitzapen bortitzek atsekabetu egingo dute Pinky, eta mendekua nahiko dute.
Terratreme
© Terratreme
Pedro Peralta
Portugal - Frantzia 
17 min. Film laburra
Castuera (Espainia), 1939ko apirila. Gauean, bi guardia falangista agertuko dira Paz bere familiarekin babestuta dagoen etxeko atean. Polizia-etxera joan behar duela aginduko diote. Pazek berehala ulertuko du bisita horrek ekarriko dion zorigaitza. Ihes egiteko aukerarik gabe, alaba jaioberriari azken aldiz bularra emateko eskatuko die guardiei.
Song Fang
Txina 
93 min.
Lin hogeita hamar urte inguruko dokumental-zuzendaria da. Negu batean, betiko mutil-lagunarekin hautsi eta krisi emozionala izango du. Jaialdi bat dela eta Tokiora bidaiatu ondoren, Niigata hirira abiatuko da, Japonia erdialdean. Elurrez estalitako hiritik pasieran dabilela, bere barne-agoniari aurre egiten saiatuko da. Pekinera itzultzean, beste leku batera joan eta bakarrik bizitzen hasiko da. Txinatar Urteberrian gurasoak bisitatzera joango da Nanjingera eta bere aita gaixo dagoela jakingo du. Gurasoekin denboraldi bat geratzea erabaki eta ez die esango jada ez duela mutil-lagunik. Udaberrian, Hong Kongeko zinema-jaialdira joango da Lin, eta hirira bizitzera joan den lagun zahar bat bisitatuko du bertan. Ibilaldi luzeak egingo ditu Hong Kongeko uharte periferikoetan, dituen zalantzak eta barne-mina baretzeko itxaropenarekin. Etxera itzultzean, gaixotasun bat pairatuko du. Ohean emango dituen egunetan energia fisiko eta mentala leheneratzen hasiko zaio.
Tsai Ming-Liang
Taiwan 
127 min.
Gaixotasun batek eta haren tratamenduak eragindako minez, Kang noraezean bizi da, leku batetik bestera joanez. Atzerrian Non ezagutzen du, eta elkar kontsolatzen dute biek, banandu eta bakoitzak bere bizitzarekin jarraitu aurretik.
Marta Sousa Ribeiro
Portugal 
84 min.
Eskolako azken astea da, baina Simon ez da azken azterketetarako ikasten ari. Gurasoak dibortziatu egin zaizkio eta aldaketa baten zain daudela dirudi, baina inoiz ez da aldaketa hori iristen. Simon nekatuta dago itxaroteaz. Estatu Batuetara joateko txartelik lortu al dezake? Urrutitik objektuak leherraraz al ditzake? Eta denborak atzera egin ahal izango balu? Eta askatasuna filmetan bakarrik topa badaiteke?
Leonardo van Dijl
Belgika 
15 min. Film laburra
Stephaniri irribarrea eragiten diote jenderen txaloek. Hamaika urteko gimnastak nazioarteko lehen titulua irabazi berri du. Hainbeste arreta izateak gainezka egiten dio; denek argazki bat atera nahi dute berarekin, eta itxaropen handiak dituztela adierazten diote. Zenbat eta aintzatespen handiagoa jaso, orduan eta gehiago konturatuko da jokoa hasi besterik ez dela egin.
Ikusmira Berriak 2014
Sandra Wollner
Austria 
94 min.
Elli androidea aita deitzen dion gizon batekin bizi da. Oporrak eta gizonak programatutako beste edozer gogoratzeko gai da. Egunez uda bizi ohi dute elkarrekin eta gauez ohera eramaten du gizonak Elli. Gizonaren oroitzapenetako baten antza izateko diseinatua dago neskatoa, eta bizirik dagoela dirudi benetan (batzuetan amets egiten duela ere ematen du), baina makina bat da, gizonarentzat guzti-guztia eta Ellirentzat ezer ez den oroitzapen horien edukiontzi hutsa. Oroipen horiek menperatu egiten dutela dirudi, eta bizitza propioa izatera ere iritsiko dira. Gau batean, basoan sartuko da Elli, oihartzun desagerkor bati jarraituz. Sastraka artean galduta, norbaitek aurkitu eta etxera eramango du eta, hala, oroitzapen berriak eta nortasun berriak emango dizkio neskari. Makina baten eta denok barruan daramatzagun mamuen istorioa da hau.
Juan Cavestany
Espainia 
80 min.
Alfredo eta Teresa, Burgosko senar-emazteak, New Yorkera doaz, "deskonektatzeko" eta gidako plan guztiak egiteko asmoz. Baina, lurreratu bezain laster, seinale sotilen eta ez hain sotilen bitartez, ikusten hasten dira benetan ez daudela agentzian saldu zieten hirian. Orduan, non daude?
Gariza Films
© Gariza Films
Marina Palacio
Espainia 
22 min. Film laburra
Ya no duermo familian egin den film bat da: Miguelek eta bere osaba Kechusek banpiroei buruzko film bat egin nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko saiakera horretan, errealitatea eta fikzioa nahasten dira, eta, jolas horretan, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harremana ikusiko dugu.
Zinemira Kimuak
Adilkhan Yerzhanov
Kazakhstan - Frantzia 
90 min.
Kazakhstango estepetan, Kermek preso ohiak eta haren laztan Evak atzean utzi nahi dute daramaten bizimodu kriminala. Amets bat du gizonak: zinema-areto bat eraikitzea mendietan. Kermekek Alain Deloni dion maitasuna bikotea mafiaren bortizkeriatik urrun mantentzeko behar bezain indartsua izango al da?
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: