71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Zabaltegi-Perlak
Zabaltegi-Perlak
Semih Kaplanoglu
Turkia-Alemania 
103 min.
Yusufek sei urte ditu eta eskolan hasi berri da. Han irakurtzen eta idazten ikasiko du. Bere aita, Yakup, erlezaina da. Basoetan barrena joan ohi da erlauntzak zuhaitz altuenetatik zintzilikatzeko. Baso menditsuak misterio ugari ezkutatzen ditu aitarekin joaten izugarri gozatzen duen Yusufentzat. Egun batean, erleak desagertu egingo dira eta Yakupek basoan sartzea erabakiko du, zer gertatu den jakiteko.
Pablo Trapero
Argentina-Txile-Frantzia-Hego Korea 
107 min.
Argentinan, urtero 8.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira auto istripuetan. Tragedia horietako bakoitzaren atzean aseguruen konpentsazioetan eta legearen ahulezietan oinarrituriko industria boteretsua dago. Sosa abokatua ospitale publikoetako larrialdietako gela batetik bestera ibiltzen da bezero bila. Luján hiriburura iritsi berri den mediku gaztea da. Amodiozko istorioa Lujánek eta Sosak kalean topo egiten dutenean hasiko da. Luján gizon baten bizitza salbatzen saiatuko da; Sosak bere bezeroa izan dadin lortu nahiko du.
Lee Changdong
Hego Korea 
139 min.
Mija biloba nerabearekin bizi da Han ibaitik gertu dagoen lo-hiri batean. Mijak gustuko du loredun kapelak eta arropa dotorea janztea, baina, bestalde, jakin-min izugarria du eta batzuetan ezin jakin daiteke zer egingo duen. Ustekabean poesia tailer batean emango du izena, auzoko kultur-etxe batean, eta, bizitzan lehenengo aldiz, poema bat idatzi beharko du. Poema idazteko inspirazio bila, inoiz erreparatu ez zuen inguruko eguneroko bizitza aztertzen jarriko da. Bat-batean, energia berri baten jabe egingo da eta bizitza aurkitu berri duen neskatila bat bezala sentituko da Mija. Baina, inoiz pentsatu zuena baino errealitate askoz ere gogorrago bati aurre egin behar dionean, bizitza ez dela uste zuena bezain zoragarria konturatuko da.
Richard J. Lewis
Kanada-Italia 
132 min.
Barney Panofsky itxuraz arrunta da baina ezohiko bizitza darama: alde batetik bere lehenengo emaztea dago, Clara, izaki librea eta guztiz desleiala. Ile gorriko emakume honekin denbora labur batez biziko da Barney Erroman. Bigarren emaztea, P. andrea, printzesa judutar izugarri aberatsa da, erosketak egiten eta gelditu gabe hizketan ematen du denbora, Barneyk entzuten ez duela konturatu gabe. Bere bigarren ezkontzako festan bertan, Barney, beste emakume baten atzetik ibiltzen hasiko da, Miriam, bere hirugarren emaztea, bere bi seme-alaben ama eta bere bizitzako amodioa. Bere abenturetan aita Izzy lagun izanda, Barneyk bere bizitza luze eta koloretsuko igoera ugarietan eta zenbait beherakadetan zehar eramango gaitu. Barney erromantiko amorratua dela ikusiko dugu, eta ez hori bakarrik, kortesia, eskuzabaltasun eta ontasun izugarrizko ekintzak egiteko gai ere badela konturatuko gara, batez ere, inok -eta berak gutxiago- halakorik espero ez duenean.
Rodrigo Cortés
Espainia 
93 min.
Paul Conroy, familiako aita eta kontratista zibila da Iraken. Goiz batez, zurezko hilkutxa zahar batean esnatuko da, bizirik lurperatuta. Ez daki nork jarri duen han, eta are gutxiago zergatik, baina badaki amesgaizto horretatik ateratzeko aukera bakarra telefono mugikorra dela. Estaldura kaskarra, amaitzear dagoen bateria eta oxigeno urritasuna izango dira bere etsai nagusiak denborarena urkako hil ala biziko oztopo-lasterketa honetan: Paulek 90 minutu besterik ez ditu erreskata dezaten lortzeko.
Danis Tanovic
Frantzia–Bosnia eta Herzegovina–Belgika–Erresuma Batua–Alemania–Eslovenia 
113 min.
Bosnia-Herzegovina, 1991. Komunistak boteretik jausi dira eta Divko Buntic hazi zen herri txikira itzuliko da bere familiaren etxea berreskuratzeko. Alemanian 20 urtez erbesteratuta egon ondoren, Divko bere Mercedes gorri dotorean iritsiko da Azra izeneko neskalagun erakargarri eta gaztearekin, Bonny katu beltzarekin eta patrika Alemaniako markoz beteta. Divkok bere dirua eta harremanak erabiliko ditu bananduta egon arren oraindik emazte duen Lucija etxetik indarrez botatzeko, baina ordea, 20 urte dituen Martin semearekin elkartzen saiatuko da. Divkok hain maite duen katua, Bonny, desagertzen denean, herri osoa gogotsu abiatuko da haren bila, aurkitzeagatiko ordainsaria kobratzeko. Katuaren bilaketa nekagarriak tentsioa jarriko du Divkoren eta Azraren arteko harreman hauskorrean, eta bidea irekiko dio Azraren eta Martinen arteko ustekabeko erakarpen indartsuari. Bitartean, badirudi eguneroko bizitzaren kezkekin lanpetuta dauden herritarrek ez diotela jaramonik egiten ezinegon politiko zaratatsuari: Kroaziak independentzia aldarrikatu du eta jugoslaviar guztiek noren alde dauden erabaki behar dute; gainera, serbiarrak Dubrovnik bonbardatzen hasi dira.
Banksy
AEB-Erresuma Batua 
87 min.
Exit Through the Gift Shop Los Angelesen bizi den Thierry Guetta frantziar merkatari eszentrikoaren historia da. Haren zaletasuna inguruan gertatzen den guztia grabatzea da. Egun batean, kameraren atzean jarri eta hiriko arteari eta street art diziplinako artista famatuenei buruzko film bat egitea erabakiko du. Artisten artean Banksy bera, Invader eta Shepard Fairey izango dira. Grabaketaren erdian, Banksyk kamera beste aldera begira jarri eta Guetta grabatzea erabakiko du. Guetta, Banskyk animatuta, hiriko artearen mundu zirraragarrian sartuko da "Mr. Brainwash" ezizenarekin.
Josh Radnor
AEB 
100 min.
Sam Wexler idazle gaztea berandu eta ajearekin jaikiko da New Yorkeko argitaletxe handienetako batekin duen bilera garrantzitsura joateko. Bidean, metroan galduta dagoen haur batekin egingo du topo, eta hari laguntzea erabakiko du. Arrakastarik gabe haurtxoaren familia bilatzen saiatu ostean, argitaletxearekin duen hitzordura eramatea erabakiko du. Ondorioz, bilera sekulako porrota izango da. Samen bizitza bere lagunen inguruan dago antolatuta: Annie, Charlie, Mary Catherine eta Mississippi zerbitzari eta abeslaria. Azken honek bizitza berri bat izan dezakeela pentsaraziko dio, baina, aldi berean, inguruan duen guztia kolokan jar dezake...
Norberto López Amado, Carlos Carcas
Britainia Handia-Espainia 
78 min.
Film honek XXI. mendeko arkitekto adierazgarrienetako baten ibilbideaz eta diseinuaren bitartez jendearen bizi kalitatea hobetzeko haren grina biziaz hitz egingo digu. Filmean Fosterren hastapenak daude bilduta, baita haren ametsek eta eraginek nola bultzatu duten zenbait eraikinen sorkuntza ere, esaterako Beijingo aireportua (munduko handiena), Reichstagaren eraikina, New Yorkeko Hearst eraikina, planetako zubirik altuena, Frantziako Millau biaduktua, eta beste batzuk. Datozen urteetan jende askok landagunea utziko du hirietara joateko; Fosterrek gertaera historiko horrek ekarriko dituen arazoei aurre egiteko konponbide harrigarriak eskainiko dizkigu.
Laura Poitras
AEB 
96 min.
The Oath filmak Osama bin Ladenen bizkartzain izandako Abu Jandalen eta Salim Hamdanen, Guantanamoko espetxean preso dagoen eta epaimahai militar polemikoen aurrean jarri den lehenengo gizonaren, historiak kontatuko dizkigu. Yemenen eta Guantanamoko Badian (Kuba) filmatu zuten The Oath eta 1996an zoritxarreko topaketa batek bi gizon Osama bin Ladenengana, irailaren 11ko gertakarietara, Guantanamoko espetxera eta AEBetako epaimahai gorenera eramango dituen bideari buruzko familia-drama da. Filmaren hasieran Salim Hamdanek gerrako krimenengatiko karguei egin beharko die aurre Guantanamon, eta Abu Jandal Yemenen taxi-gidari gisa lan egiten duen gizon askea izango da.
Michelangelo Frammartino
Italia 
88 min.
Le quattro volte bizitzaren eta naturaren zikloen eta denboratik at dagoen leku bateko tradizio ahantzien ikuspegi poetikoa da. Elkarren artean modu misteriotsuan lotuta dauden lau bizitzaren sekretua ezagutzeko, ikuslea mundu ezezagun eta magiko batera eramango duen filma.
Wang Quan An
Txina 
95 min.
Liu bere jaioterrira itzuliko da, Shangaira, Taiwanen 50 urte egin ostean. Itzultzean Qiao aurkituko du, alde egin zuenean haurdun utzi zuen bere lehengo amodioa. Bitartean, Qiao ezkondu egin da eta familia bat sortu du. Baina Liuk erabakia hartuta dauka eta emakumearen familiaren baimena nahi du hura berarekin eramateko.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: