71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Farhad Mehranfar
Iran 
73 min.
Taleshko mendialde liluragarrietako baso lainotsuetan bizi direnen jaiotzea, maitasuna eta heriotzari buruzko filme bat da. Negu partean, gizonek antilopeen odolaz elurraren zuria purpuraz tindatzen dutenean, haurtxo bat jaiotzen da. Bere amak udaberriaren historia kontatzen dio, loreen kolorearen misterioa eta aitarekiko duen maitasuna. Eta aitaren bizitza artegak heriotzaren lasaitasuna aurkitzen du neguko hotzean.
David Caffrey
Erresuma Batua 
110 min.
Dan Starkeyk Belfastko egunkari bateko zutabe satirikoa idazten du, ahohandia eta zurrutero galanta da gainera. Patricia bere emaztearekin ez da ondo konpontzen. Egun batez, mozkor-mozkor eginda dagoela Margaret ezagutuko du, bere etxera gonbidatzen duen neska xarmangarri bat. Muxuka ari direla, Patriciak ustekabean harrapatzen ditu, eta etxetik aldegin dezan 24 orduko epea ematen dio senarrari. Orduan, Margareten etxera doaz, elkarrekin oheratu eta neskaren senargai izandako IRAko kide ohi baten argazkian erreparatuko du. Margaretek kaset-zinta bat oparitzen dio, hain zuzen ere, gaztea hilko dutenean krimena argitzeko giltza izango dena.
Chen Yi-Wen
Taiwan 
102 min.
Kai eta Jiajia bere neska-laguna langabe daude eta noizean behin autoren bat ostutzen dute K-boy trafikatzaile txikiari saltzeko. Aparkaleku batean abandonatutako ibilgailu bat atzematen dute, baina K-boyri pasa aurretik mafien arteko hilketa batean erabilitakoa dela jakiten dute eta autoaren jabea den emakumeak diru asko eskaintzen duela haren truke. Kai Hua Gerekin harremanetan jartzen da, autoa ostu eta Xu, bere nagusiaren aginduz hilketa gauzatu zuen gaizkilearekin. Kaik Hua Ge txunditzen du eta honek Xu boteretsuaren erakundean sartuko du. Bere lagunak hartu duen bide arriskutsuagatik izututa, Jiajia Kairengandik urrunduko da.
Cesc Gay, Daniel Gimelberg
Espainia - Argentina - AEB 
86 min.
Uztailaren 4a. New York. Hemen, zuetako inork aurkituko ez lukeen hotel honetan, denborak bertan gelditzen direnekin jolasten du: hirian iragaitzaz dagoen eta emakumezko konpainia bila dabilen bigarren mailako mago bat; San Franciscora dihoan argazkilari bat, gerraren batetik iritsi berria eta behar ez den lekuan muturra sartu nahi duena; adiurre txarreko bikote ezkonberri bat; etsi-etsian dagoen gizon bat, zoriak jaio zen lekura atzera ekarri duena... Ezer ez da itxuraz dirudiena. Denek dute zer ezkuta. Desio gordeak, ustegabeko sekretuak. Gauzak maiz halabeharrez gertatzen baitira, arrazoi jakinik gabe. Zeren eta bizitza, sarritan, arraroa baita. Bat diren bost istorio, hoteleko gela berean.
David Riker
AEB 
88 min.
New Yorken bizi diren etorkin latinoamerikarren errauztea eta ezkutuko mundua hizpide ditu pelikulak. Euren herriko hizkuntzan filmatutako lau istorioen bidez, gizon-emakume horien talde-esperientzia eta lurralde ezezagun batean euren sustraiak finkatzeko borroka islatzen da. Igeltsero gazte bat hilik gertatzen da eraikin abandonatu batetik adreiluak lapurtzen ari zela horma bat gainean erortzen zaionean. Herriska txiki bateko bi nerabe elkarrekin maitemindu eta hiriko labirintoan galtzen dira. Etxerik gabeko aita batek bere alabarentzat bizimodu hobea amesten du eta horretarako, eskolan izen-ematen saiatzen da. Jostun gazte batek bere urrutiko jaioterrian utzi zuen alaba laguntzen ahaleginduko da.
Sherwood Hu
AEB 
90 min.
Hawaiiar erako ezkontza bat ospatzeko egun ederra da. Ray polizia eta Jenny, jaiotzez Hawaiikoa, oso maiteminduta daude, baina ezbeharrak bete-betean joko ditu. Aldarera bidean doala, Ray gansterren arteko tiroketa batean nahasiko da. Liskarra zeremonia ospatu behar den tokiraino iristen da eta su-gurutzatuan Jenny tiroz hiltzen dute. Ray zauriturik gertatzen da eta orduz geroztik, asmo bakarra dabilkio buruan: mendekua. Horrek bere buruzagi eta laguna den Kenny kezkatuko du. Geroxeago, gaizkile taldeko kide guztiak hilik agertzen dira eta susmagarri nagusitzat Ray joko dute.
Yoichiro Takahashi
Japonia 
90 min.
Kenji institutuan dago eta igeriketa-taldeko partaide da. Kenjiri bere klaseko ikaskide bat gustatzen zaio, Reiko, baina ezusteko latza izango du neskak interesatzen zaiona Arai dela esaten dionean, taldeko izarra den korear-japoniar bat. Reikok Kenjiri zelestinarena egin dezan eskatzen dio eta mutilak, bere sentimenduak ezkutatuz, baietz esaten dio; alabaina, Arai Kenjik Reikorekiko sentitzen duenaz ohartzen da eta biak elkartzen saiatuko da. Kenjik ez du izaera lehiakorrik, eta ez ditu eskualdeko igeriketa-lehiaketetako kanporaketak gainditzen. Egun batez, Reikok zita bat ematen dio; Kenji bertara iristen denean, Arai ere bertan topatzen du. Honek Kenji haserrearazten du eta azkenean bi lagunak elkarren artean borrokatuko dira.
Ramon Barea
Espainia 
92 min.
Hogei urtez otoitzera emanda bizi izan diren lau mojek gainbehera etorritako komentu bakarti batetik ihes egiteko asmoa dute. Ihesaldi inozo eta nerabe hau burutzeko, egin nahi duten gauza bakarra "ama izadia berriro ikustea" baita, komentuaren kripta zaharrera doan tunel bat zulatzen dute aitorlekuaren azpian. Beren asmoa burutu ahal izateko, priore gaztearen eta prioreorde aginduzalearen arteko liskar eta ika-mikak saihestu beharko dituzte.
Eoin Moore
Alemania 
81 min.
Alex Berlingo gazte bat da egun erdiz eraikuntzan arituz eta lapurreta txikiei esker bizirik dirauena. 33 urterekin ez da ezeren jabe, hautsitako ezkontza batetik dator, eta gitarra bat eta Trabbi bat besterik ez dauzka, Alemaniako Errepublika Demokratikoa zenean egiten ziren auto mota trakets horietako bat. Bere bizitzari zentzu berria emango dio Svetlana bosniar prostituta xarmanta ezagutzeak; baina neskak ezkontzeko ageri duen gogoak nazkatu egingo du. Beste prostituta batek, Ruthek, Alexentzako emakume aproposagoa dirudi, bera bezalaxe bakartia eta ezer gutxirekin moldatzen baita. Gauzak korapilatu egingo dira Alex lapurretan harrapatzen dutenean.
Florian Flicker
Austria 
87 min.
Nana Iaschwili, Sobietar Batasun zeneko hiritar bat, hegazkinez Vienan lurreratzen da Estatu Batuetara iristeko asmoz, baina ez diote lotura-hegaldia hartzen uzten bere bisa faltsua dela konturatzen direnean. Atxilotu egiten dute, baina deportatua izan aurretik ihes egitea lortzen du eta Austrian zehar modu ilegalean bidaiatuko du garraiobide ezberdinak erabiliz. Ekipajea eta dirua galtzen ditu, eta bere argazkia egunkarietan agertzen denean, Alemaniara joatea erabakitzen du, bertan gordetzea errazago izango zaiola uste baitu. Muga ezkutuan zeharkatzeko, ihes dabilen banku-lapur batekin bat egingo du.
Paul McGuigan
Erresuma Batua 
105 min.
Istorio labur bilduma propio batetik abiatuz, Trainspotting-en egile den Irvine Welshek egokitutako triptiko surrealista da filmea. Lehen zatia (The Granton Star Cause) mendekua, futbola eta erlijioa istorio eztandagarri batean nahasten dituen komedia beltz bat da. Bigarren zatia (A Soft Touch) maitasun eta traiziozko istorio bat da, zeinean ingurukoek protagonista nahiera manipulatzen baitute. Hirugarrena (The Acid House) ezkontza, seme-alabak eta azidoen gehiegizko kontsumoari buruzko ipuin komiko bat da.
Dan Ireland
AEB 
100 min.
New Yorkeko kaleetan bizirauteko pornografiaren eta telefono erotikoaren munduan diharduen gazte bat da Gary. Ez du lagunik, ezta familiarik ere, baina zine pornoko aktore sexy eta karismatiko bat ezagutuko du, Valentino. Hasiera-hasieratik, begi-bistakoa gertatzen da bien arteko erakarmena. Valentinok kamarera moduan lan egiten duen andregai bat dauka, Mary Carmen, baina neska berehala ohartzen da bere mutilaren bihotza Garyrena dela. Gary eta Mary Carmen Valentinoren maitasunagatik borrokatuko dira eta ezin dute elkar ikusi. Baina Valentino hiesaz gaixotzen denean, elkarren arteko desadostasunak baztertuko dituzte hil-hurren dagoena zaintzearren.
Florent Emilio Siri
Frantzia 
88 min.
Marek poloniarrak eta Mimmo italiarrak 16 urte zituztenetik Frantzia eta Alemaniaren arteko mugarri den Lorenako meategi batean egiten dute lan. Mea-zuloetatik ateratzen direnean beti moduan parrandan ibiltzen dira: lankideekin garagardo batzuk hartu, putetxeak bisitatu, auto-lasterketetan apustutan aritu...Egun 25 urte dituzte, eta meatzetan grebarako deia zabaltzen da. Marekek bertan parte hartu nahi du Stanis, bere osaba eta sindikalista zaildua denarekin. Mimmok, berriz, Jäger hartzen du eredutzat, trafikatzaile misteriotsu eta seduzitzailea. Greba aurrera dihoan heinean, Marek eta Mimmoren arteko aldea areagotuz doa.
Simon Staho
Danimarka - Islandia 
95 min.
Gainean 42 gramo heroina eta sekretu izugarri bat daramatzala, Ossyk bere haurtzaroko Jimmy laguna topatzen du, harekin batera Bangkoken emakumeez, whiskyaz eta kokainaz gozatzen hainbat urte eman zituena. Jimmyk orain familia bat dauka eta lan ziur bat, eta bere iragana ezkutatu nahi duenez, muzin egiten dio lagunari. Ossyk mendeku hartu nahiko du orduan, nahiz eta horrek Jimmy, honen familia eta bere burua kaltetzea ekarriko duen.
Pilar Távora
Espainia 
114 min.
Yerma Juanekin ezkondu zen, bere aitak hala erabaki zuelako. Neskak ume bat izan nahi du, baina hain goresten du ama izateko desioa, ezen maitasunaren, askapenaren eta heriotzari aurre egiteko eredu bihurtzen duen. Umerik ezin duela izan onartuko balu, bere buruari uko egitea, bizirik hiltzea litzateke. Bere senar ganaduzalea beti lanpetuta dabil eta, maitasuna aldian behin egiten dutenez, Yermak hari leporatzen dio bere emankortasunik eza. Aldi berean, bere ohore-senak ustez ume bat emango liokeen Victorrekin oheratzea eragozten dio. Gizarteak emakume antzuak gutxiesten dituela ohartuko da eta agidenez emankortasuna ahalbidetzen duen santu baten ohorezko erromerira doa.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: