71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Horizontes Latinos
Horizontes Latinos
Heddy Honigmann
Herbehereak-Alemania 
93 min.
El olvido ahantzitako hiri bati (Lima), ahantzitako jendeari (perutarrak) eta ahantzitako historiari (Perukoa) buruzko dokumentala da. Ironia bizirauteko arma da jende horrentzat, eta ahazten jakin behar dute, zinismoan, gorrotoan eta tristuran ez erortzeko. Filmak, gainera, antzinako denborak gogoratzen saiatzen direnei buruz ere hitz egingo digu, klaseen arteko desberdintasunak, ustelkeria eta indarkeria egon arren, bizitza oraindik ere ona zen garai horiek gogoratu nahi dituztenei buruz: zerbitzari zaharrak, eta aurrez galduta dagoen gatazkan borrokatzen duten dendariak, guztia galdu dutenak, baita eskubideak ere. Azkenik, El olvido filmak, kalean bizia ateratzen saiatzen diren haurrei buruz hitz egingo digu, eta herrialdeko errealitate gordina erakutsi. Haurrek, haiekin batera kaleetan bizi diren txakurrek bezalaxe, ez dute oroitzapen onik ahazteko.
Federico Veiroj
Uruguai-Argentina-Mexiko-Espainia 
87 min.
Rafael Bregman, 13 urteko nerabeak, birjintasuna galdu du, baina oraindik ez dio inori musurik eman. Bere ametsa betetzeko hainbat gauzaren aurka borrokatu beharko du: aknea, baldartasuna eta lotsa, esaterako. Hitz batean, nerabetasunari egin beharko dio aurre.
Alberto Cortés
Mexiko 
90 min.
Chiapaseko La Esperanza de San Pedro komunitatean, zapatisten borrokaren erdian, komunitateko kide bat, Sonia, ezkondu egingo da. Ezkonsaria, dagoeneko, emana da -behi bat- eta hitz egin dute senargaiaren familiarekin? Baina Sonia beste batekin dago maiteminduta: matxinatu bat. Orain EZLNak arazo bat dauka eta komunitate osoarekin konpondu beharko du bertako kideen ahotsa entzun eta errespeta dadin, eta inposaketaren gainetik bihotzak garai dezan.
Josué Méndez
Peru-Argentina-Frantzia-Alemania 
91 min.
Diego bere arreba Andrearekin dago maiteminduta eta horrek eragiten dion erruari eta plazerari aurre egin behar dio. Andreak ordea, beste gauza batzuetan ematen du denbora: berak ere badu zer ezkutatu. Agustín, anaia-arreben aitak, neskalagun berria, Elisa, etxera ekarri du. Elisa aita baino hogei urte gazteagoa da eta maila sozial eta ekonomiko apalago batetik dator. Elisak azkar ikasi beharko du gizarte maila berrian sartu nahi badu, hori izan baita bere betiko desioa. Peruko gizarte maila altuaren mekanismo zurrunetan harrapatuta dagoen familia bat. Gainbeherari, hipokresiari eta konformismoari buruzko kronika, ingurune fribolo eta hermetiko batean kokatuta. Pertsonaiek jainkoak bailiran jokatuko dute, arauen, moralaren eta sinesgarria den gauza ororen gainetik.
Julio Hernández Cordón
Guatemala 
75 min.
Hiru nerabe, Gerardo, Nano eta Raymundo, gasolina lapurtzen aritzen dira gauetan auto batean bueltaka ibiltzeko, norabiderik gabe. Ikusiko dugunez horixe da istorioa, nola bidaiatzen duten protagonistek amatxoren autoan norabiderik gabe; baina geldiune bakoitza errealitatearen aurka emandako kolpea izango da, eta laguntasuna proban jarriko du, eta muga hori oso mehea izan ohi dela erakutsiko digu, nerabeak garenean traizioaren, desengainuaren eta ezaugarri kamikazeak dituen elkartasunaren artean mugitzen baita laguntasuna. Horretaz gain, istorio intimista ere bada, non muturrek eta polarizazioak argi uzten duten zintzotasun eta kezka une txiki horiek direla gazteria definitzen dutenak, herrialde bat islatzen dutenak eta etorkizuna igartzen uzten digutenak.
Yulene Olaizola
Mexiko 
80 min.
Mexiko Hiriko Shakespeare eta Victor Hugo kaleen arteko izkinan dago Rosa Carbajalen ostatua; ezkutuko istorio liluragarria gordetzen duen estalpea. Duela 20 urte, Rosak, Jorge Riosse ezagutu zuen. Jorge bere maizterra izan zen eta laguntasun polita sortu zen haien artean. Zortzi urtez bizi izan zen etxean eta hura ezagutu zutenengan oroitzapen ezaba ezinak utzi zituen. Dena den, haren bat-bateko heriotzaren ondoren, bere izaeraren ezaugarririk ilunenak azalera atera ziren. Bi pertsonaia bakartiren deskribapen sakona da filma, modu indartsu eta arraroan elkarri lotuta dauden bi pertsonaiarena.
Pablo Trapero
Argentina-Hego Korea-Brasil 
113 min.
Julia bere apartamentuan esnatuko da alboan, odolez estalita, Ramiro eta Nahuel-en gorpuak dituela. Ramiro bizirik dago oraindik. Biak izan dira, batera, baina ezkutuan, Juliaren maitaleak, eta bietako batek haurdun utzi du. Julia emakumeentzako espetxe batera bidaliko dute haurrak dituzten edo haurdun dauden beste emakume batzuekin eta hantxe igaroko ditu lehenengo egunak; zurtuta, baztertuta. Gorroto du haurra baldintza horietan izatea. Semea jaioko da. Haur bat kartzelan heztea zaila da. Bere borondatearen aurka gertatu zen guztia. Baina Juliak gero eta argiago dauka bere semea dela geratzen zaion gauza on bakarra. Ramiro bisitatzera joango da gizonentzako espetxera. Krimenaren gauean gertaturikoa nahasgarria iruditzen zaie oraindik, baita batak besteagatik sentitzen duena ere.
Enrique Rivero
Mexiko 
86 min.
Beto Mexiko Hiriko etxe baten zaindaria da duela zenbait urte. Azken urteetako bakardadeak, eta lanaren errutinak eta monotoniak, askoren iritziz itogarria den bizitza batean gero eta harrapatuago daukate Beto; alabaina, berari, kanpoko mundu mehatxatzaileak ematen ez dion segurtasuna eta egonkortasuna ematen dio. Laster etxea saldu egingo dela jakiten duenean, Betok dilema bat izango du, kanpora irten eta bizitzen ausartu, edo bere konfinamenduan jarraitzeko bidea bilatu.
Carlos Moreno
Kolonbia 
104 min.
Orejón kriminal bortitzak agorafobia dauka eta Cali (Kolonbia) erdialdean bizi da luxuzko apartamentu batean, teleskopioz inguratuta. Haren semebitxia hiltzen dutenean sazerdotesa budu batengana joko du hiltzaileari, Eusebio, sorginkeria eginez besoetakoaren heriotza mendekatzeko. Bestalde, Orejónek Víctor kontratatuko du biki iheskor batzuei dirua ken diezaien. Víctorrek, ordea, kriminalen munduko legerik sakratuena haustea erabakiko du eta berarentzat gordeko du dirua. Víctorrek eta Eusebiok erdialdeko hotel bateko gelan egingo dute topo lehenengo aldiz; jarraibideak emango dizkien dei bat jaso behar dute han. Bietako inork ez daki zein den hurrengo urratsa?
Albertina Carri
Argentina 
83 min.
Poldo, Argentinako Pampako nekazari batek Pichón-ekin duen harremana guztiz hautsiko du; hark, Nati bere alabatxo mutua iraindu duela sentitzen duelako. Gainera, emazteari ere debekatu egingo dio Pichón ikustea, ez baitu susmatu ere egiten bien artean harreman kartsua dagoela. Natik badaki zer gertatzen den, baita haren lagun bakarrak ere, Pichónen semeak. Egoera muturrera iritsiko da Poldok Natiren marrazki batzuk aurkitzen dituenean. Natik ikusi duena baino ez du marraztu, baina Poldok zerbait askoz ere okerragoa gertatu dela uste du. Orduan, ezerk ezingo du Pichónen aurka hartu nahi duen mendekua geldiarazi. Nolanahi ere, gertakizunek ezusteko bira emango dute, eta amorruaren leherketari inor kanpoan utziko ez duen tragedia askoz ere handiago batek jarraituko dio.
Pablo Fendrik
Argentina-Frantzia-Alemania 
100 min.
Arturo, hirurogei urteko taxi-gidari lasaiak bi mila dolar lortu beharko ditu 24 ordu igaro baino lehen. Haren seme nagusienak, Ramiro, duela lau urte egin zuen alde, eta Houstonetik deitu berri du laguntza eske. Arturoren emazteak, Irene, aurrezki batzuk ditu gordeta eta ez dizkio hari eman nahi Ramirori lagun diezaion. Egun horretan bertan, Leandro, oraindik haiekin bizi den seme txikienak, aurrezki horiek lapurtu nahi dizkie, droga erosi eta kostaldeko dantzalekuetan saltzeko, ateratako diruarekin anaia zaharraren bila joateko. Aitak eta semeak diruagatik elkarri aurka egiten diotenean, lau urte lehenago Ramiro alde egitera bultzatu zuen gizona bilakatuko da Arturo.
Alex Rivera
AEB-Mexiko 
90 min.
Sleep Dealer etorkizunean giroturiko filma da. Etorkizun horretan mugak itxita daude eta langileek sare informatiko global batera konektatzen dituzte beren nerbio-sistemak, haren bitartez beren lana egiten duten robotak kontrolatzeko. Memo Cruz gurasoekin bizi da Santa Ana del Ríon, hautsez beteriko Oaxacako leku urrun batean. Teknologia maite du eta haren ametsa herria utzi eta iparraldeko hiri handietan dauden goi-teknologiako enpresa batean lana lortzea da. Berak eginiko irrati baten bitartez, nahi gabe, komunikazio batzuk atzemango ditu eta susmagarri bilakatuko da. Urrutiko kontrolaren bitartez bonbardatu egingo dute Memoren etxea eta alde egin beharko du. Tijuanarako bidean Memok Luz ezagutuko du, mundua aldatu nahi duen kazetaria; elkarrekin teknologia gaindituko duen lotura ezartzen saiatuko dira.
Pablo Larraín
Txile-Brasil 
98 min.
Txileko Santiago, 1978. Pinocheten diktaduraren garaiko errealitate sozialaren erdian Raúl Peraltak, berrogeita hamar urteak beteak dituen gizonak, obsesio bat du: Tony Manero imitatzea -John Travoltak Larunbat gaueko sukarra filmean egiten duen pertsonaia-. Bere idoloaren itxura bera hartzeko grinak eta Tony Maneroren imitatzaileen telebistako lehiaketa batean show businesseko izarra izateko nahiak, hainbat krimen eta lapurreta gauzatzera eramango dute Raúl.
Christian Poveda
Espainia-Frantzia-Mexiko 
91 min.
Mara 18 taldeari buruzko dokumentala da hau, eta aldi berean, haren etsai sutsua den Mara Salvatruchari buruzkoa. Biak, Los Angelesen sorturiko ereduetan oinarrituriko taldeak dira eta izua eragiten duten El Salvadorren. Mundu globalizatuan sorturiko gaur egungo imajinagintzari buruzko istorio zehatza da, eta antolaturiko krimenaren jatorria izan daitekeena deskribatzen digu.
Tomás Gutiérrez Alea
Kuba 
97 min.
Sergiok, kulturadun kubatar burgesa, ez du bere familiarekin Estatu Batuetara erbestera joan nahi. Bere ideologia ahulak gizartean gertatzen ari diren mugimenduen ikusle soil bilakatu du, bere aurreko mundua galduta eta iraultza prozesu berrian sartu ezinik.
Mirtha Ibarra
Espainia 
93 min.
Titón zinemagilea, Tomás Gutiérrez Alea (1928-1996), zinema garaikidearen ezinbesteko izenetako bat da. Dokumentalak Habanan jaio zenetik Guantanamera, bere azken filma, egin arteko ibilbide zinematografiko zabala erakusten digu, baita bere pentsamendu eta konpromisoen ibilbidea ere. Zuzendariaren beraren, bere senideen eta profesionalen lekukotzen bidez erakusten ditu ibilbide horiek. Kontakizunaren ardatz nagusia Mirtha Ibarra aktorearen ikuspuntua da, ikuspuntu zirraragarria eta ezinbestekoa. Bera da dokumentalaren zuzendaria eta Titónen azken 23 urteetako bikotekidea.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: