71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Atzera begirako tematikoa - ITZAL DIGITALAK: AZKEN BELAUNALDIKO ZINEMA TXINATARRA
Atzera begirako tematikoa - ITZAL DIGITALAK: AZKEN BELAUNALDIKO ZINEMA TXINATARRA
Cui Zi'en
Txina 
82 min.
Lehendabiziko film luze digital honekin, Cui Zi'en zuzendariak Txinako gay zinemagintzari ateak ireki zizkion. Filmean desio homosexualarekin loturiko hainbat esketx daude kateatuta. Cui Zi'en zinemagileak ez du errealismo-jokoa egiten; aitzitik, hartualdi luzeak, akzio prosaikoak eta interpretazio ez-profesionalak uztartzen ditu Warholen tankeran, baina inspirazio barrokoago, apetatsuago eta surrealistagoarekin, baita ilunagoarekin ere.
Jia Zhang-ke
Txina 
30 min. Film laburra
Film labur dokumental hau Unknown Pleasures egiteko inspirazio-iturri izan zen, eta 45 egunean errodatutako 30 sekuentzia-planok osatzen dute. Shanxi probintziako Datong meatze-herrixkako eta inguruetako ibiltari anonimoak, bidaiariak eta trenbideko zein autobus-konpainiako langileak ageri dira.
Jia Zhang-ke
Txina 
113 min.
Jia Zhangke zinemagileak Datong hiriko industria osteko paisaia suntsitua filmatu zuen, gazte-talde kontentagaitz batek inguruarekin zapuztuta egoteko zer modu dituen erakusteko: Bin Bin eta bere lagun onena, Xiao Ji, bizikletaz doaz noraezean, eta arazoak dituzte neskekin. Halako batean, Qiao Qiao ezagutuko dute, prostituzioan erortzear dagoen modelo eta abeslaria.
Wu Wenguang
Txina 
170 min.
"Dokumental pertsonal" kontzeptuarekin liluraturik, Wu Wenguang zinemagileak amaitu gabeko film baten metrajea muntatu zuen. Eta halaxe sortu zen Fuck Cinema filma, zinematografia-industrian boterea dutenen eta betiereko zokoratuen arteko desoreka aztertzen duen lan mikatza: Wang Zhutian, bere autobiografia saldu nahian dabilen nekazaria; prostituta-rola antzezteko probak egiten dituzten probintziako neskatxak; eta Xiao Wu, DVD piratak saltzen dituen mutila, polizia atzetik duena.
Ning Hao
Txina 
105 min.
Higiezinen espekulatzaileek jazarririk, lantegi bateko zuzendaria negozioa salbatuko duelakoan dago, harik eta bere ondasunen artean jade harribitxi bat agertzen den arte. Mundu guztia harribitxiaren atzetik ibiliko da; negozio-gizon ustelak, gangsterrak, femme fataleak eta garrantzi eskaseko lapurrak. Film honekin, made in China tankerako komedia mota berria sortu zen.
Ying Liang
Txina 
111 min.
Zigong hirian gertatutako industria-istripu batekin loturik, Ying Liang zuzendariak dokumentala eta fikzioa nahasten ditu, eta Xiaofen protagonistaren estualdiaren berri ematen du. Xiaofen idazkaria da, eta hainbat egoeraren aurka borrokatu beharko du: bere mutil-lagun alferra, amak alaba ezkontzeko duen obsesioa, aitarekin duen bilera deserosoa, bere bulegoan emakumeek bizi duten biktimizazioa, eta enpresari batek langileen ongizateari egiten dien mespretxu errukigabea.
Ou Ning
Txina 
85 min.
Ou Ning eta Cao Fei ekoizleek Zhang Jinli jatetxe-jabearen esku utzi zuten kamera. Zhan Jinli aktibistak ezezko biribila eman zion jatetxea tokiz aldatzeari, Beijingeko Olinpiar Jokoak zirela-eta gobernuak auzo osoa eraistea dekretatu zuenean. Eta filmatutakoarekin Meishi Street egin zuten; dokumentu ahaltsu honek gobernuaren chaiqian politikak (eraitsi eta lekuz aldatu) eragindako sarraskiak eta hiria berritzeko interesa zuten enpresak aztertzen ditu.
Peng Tao
Txina 
99 min.
"Zuretzako moduko neska topatu dut", esan zion osabak Luo Jiang ilobari. "Hamaika urte ditu eta ezin du ibili." Mila yuanen truke erosi zuen (ehun euro inguru), kaleetan diru-eske ibiltzeko helburuz. Filma aktore ez-profesionalek antzeztuta dago, eta eskaleen eguneroko bizimodua du ardatz. Bizirauteko borrokan ari diren haur esplotatuen ikuspegia baliatzen du.
Zhao Ye
Txina 
92 min.
Jalainur ikatz-meatzea, Txinako azken lurrun-makinak elikatzen dituena, ixteko zorian dago. Zhu zaharra, tren-gidari beteranoa, aste batzuk lehenago erretiratuko da Errusiako mugan bizi den alabarekin egoteko. Bere ikasle eta lagun mina, Li Zhizhong trenbidezaina, trenean abiatuko da azken minutura arte maisuarekin egoteko.
Emily Tang
Txina 
97 min.
Dokumentalaren eta fikzioaren arteko nahasketa honek bi emakumeren ibili gurutzatuak kontatzen ditu. Bata fikziozkoa, Li Yueying, hezkuntzarik ez duena eta errepresiopean bizi dena, baina patuari aurre egin eta bizitza aldatzen saiatuko dena. Bestea, berriz, erreala, Jenny, gizon hongkongdar batengandik dibortziatua eta zailtasun ekonomikoak dituena. Film honek modu intimoan deskribatzen du Txinan emakume izatea zer den.
Yang Lina
Txina 
87 min.
Dokumental pertsonal honetan, Yang Lina zuzendariak An jaunaren bizitza erromantikoa jasotzen du. An jauna 89 urteko pekindarra da, eta bizitzan bi pasio dauzka: batetik, parkean areto-dantzetan aritzea beste zaletu batzuekin batera, eta, bestetik, dantzako bikotekidea, Xiao Wei, bera baino gazteagoa. Bai An jauna, bai Xiao Wei, ezkonduta daude. Beren familiek edukiko dute zer esan harreman horri buruz.
Du Haibin
Txina 
117 min.
2008ko maiatzaren 12an, 14:28ean, Sichuango lurrikarak 69.000 lagun hil zituen, eta hamabost milioi pertsona etxerik gabe geratu ziren. Handik egun batzuetara, Du Haibin zuzendaria Beichuan aldera abiatu zen, seismoak gehien astindutako hirira. Eta filmatzen hasi zen, protagonistei modu askean gerturatzen utzita. Hala, errealitate zati kontraesankorrak batere azalpenik, epairik edota oharrik gabe ageri dira filmean, eta kaos sentsazio larria ematen dute.
Huang Weikai
Txina 
58 min.
Huang Weikai zuzendariak, film honetarako, Guangzhou jaioterrian bideozale talde batek filmatutako mila metraje-ordu baino gehiago bildu zituen. Ondoren, hogei istripu bitxi aukeratu zituen, eta irudiei ukituak egin zizkien harik eta zuri-beltz pikorduna lortu arte, ia surrealista. Azkenik, muntatu egin zituen hegoaldeko metropoli handiaren ikuspegi kaleidoskopikoa emateko, guztia ere hiriko kaos sutsua, zaratatsua eta erasokorra bilduta.
Liu Jiayin
Txina 
133 min.
Senar-emazte batzuk eta beren alaba ore-bolak prestatzen ari dira, bakoitza bere estiloan. Bien bitartean, mokoka ari dira, tipulina nola moztu edota aitaren negozio dekadentearekin zer egin. Bederatzi plano bakarrik dituen konposizio zurrun honen bitartez, Liu Jiayin zuzendariak zera lortu du, keinu eta hitz-truke bakoitzak hiru protagonisten arteko botere-oreka berriro antolatzea.
Pema Tseden (aka Wanma Caidan)
Txina 
117 min.
Filmaketa-talde bat Amdo eskualdean zehar dabil, opera tibetar klasiko bat errodatzeko antzezle perfektuak topatu nahian. Baina opera desagertzear dagoen artea da, eta Amdoko gizarteak aldaketa sakonak bizi ditu; horrenbestez, ez da lan samurra izango rolak abesteko gauza izango diren aktoreak aurkitzea. Drobe da protagonista antzezteko egokiena, baina bere plan erromantikoak edukiko ditu?
Ying Liang
Txina 
20 min. Film laburra
Ying Liang autobus-istripu ikaragarri baten lekuko izan zen 2004an. Egunkari guztietako lehen orriak bete zituen istripu horrek. Txineraz, monumentu eta tristura hitzak berdin ahoskatzen dira. Probasaioak egiteko eta obra filmatzeko 48 ordu nahikoa izan ziren. Filma sekuentzia-plano bikain batean igarotzen da; hildakoei egindako monumentua, baita zirku mediatikoan harrapatuta bizirik atera zirenen ezin adierazizko tristura isilari egindako omenaldia ere.
Wang Bing
Hong Kong (Txina)-Frantzia-Belgika 
112 min.
Txinako Alderdi Komunistak eskuindar gisa sailkatutako 3.000 lagun Jiabiangouko Berreziketa Eremura bidali zituzten 1957 eta 1958 bitartean; Gobiko basamortura, alegia. Eta han egotera behartu zituzten, batez ere, Ehun Loren kanpainaren garaian iritzia eman izanagatik. Bizirik atera zirenak Mingshuiko eremu erantsira bidali zituzten 1960an. Filmak konfinamenduaren azken hiru hilabeteak birsortzen ditu.
Zhao Dayong
Txina 
96 min.
Behe-mailako bizimoduaren azterketa egiten du filmak, esne-mamitan bizitzearekin amets egiten duten pertsonaien bitartez: landagunetik lan bila etorri berri direnei ziria sartzen dien alproja gaztea; bere neskalaguna, jasan ezin duen agure baten kontu bizi dena; eta denbora librean idatzitako olerkiak presoei irakurrarazten dizkien kartzelazaina. Horrek guztiak Guangzhou hiriaren ezohiko deskribapena egingo digu.
Zhu Wen
Txina 
80 min.
Thomas margolaria Barne Mongoliako belardietan txangoa egiten ari da, eta Mao ostalari miserableak emango dio ostatu. Filma ondotxo ezagutzen dugun parabolarekin hasiko da: Zhuangzi filosofoak tximeleta zela egin zuen amets, baina bere buruari galdetu zion ez ote zuen tximeletak amestu Zhuangzi zela? Bizitza errealean, Thomas Rohdewald Luxenburgoko diplomazialaria da, eta Mao Yan, berriz, Txinako margolari garaikide ospetsuenetakoa.
Li Hongqi
Txina 
91 min.
Neguko oporrak iritsi dira iparraldeko herrixka goibel batera, eta haurrek ez dute ezertxo ere egiteko; bien bitartean, helduak apatiko ageri zaizkigu. Tentsioa metatzen-metatzen joan, eta ustekabean askatuko da, batzuetan modu maltzur eta dibertigarrian; ezaugarri horrek Jim Jarmusch, Aki Kaurismäki edota Samuel Beckett egileen umore lehorra eta elkarrizketa lakonikoak gogoraraziko dizkigu.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: