71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Zabaltegi Tabakalera
Zabaltegi Tabakalera
Filmak
Filmak
Mati Diop
Frantzia - Senegal - Belgika 
107 min.
Kostalde atlantikoan, gutxi barru irekiko den dorre futurista bat altxa dute Dakarreko aldirietan. Ada, 17 urteko gazte bat, Souleimane eraikuntza-langile gaztearekin maiteminduta dago. Baina beste gizon batekin ezkonarazi nahi dute. Gau batean, Souleimane eta haren lankideak itsasoan desagertuko dira. Gutxira, haien auzo zaharra ikaratzera itzuliko dira, atzean utzi zituzten neska-lagunetan gorpuztuta. Langile batzuk mendekua lortu nahian etorri dira, eta sustatzaileak soldatak ordaintzen ez badizkie dorrea erreko dutela mehatxatuko dute. Baina Souleiman Adarengatik itzuli da, harekin azkenekoz egon ahal izateko.
Manuel Abramovich
Alemania - Argentina 
19 min. Film laburra
Nire bila ari zara? Desio nauzu? Pasa dezagun ondo… Berlingo zazpi sexu-langile errumaniarren erretratua, beren esperientzien grabaketei entzuten eta erantzuten ari direnean. Kamera bezero bihurtuko da, eta esplotazio-prozesua ikuskizun, agerian utzirik botere-harremanen performatibotasun saihetsezina. Berlinale Shorts sailean estreinatutako film laburra.
Les Films de la Butte
© Les Films de la Butte
Callisto McNulty
Frantzia - Suitza 
70 min.
Delphine Seyrig aktore mitikoaren eta Carole Roussopoulos bideo-artistaren arteko bilerak 70eko hamarkadako feminismoaren bihotzera eramango gaitu. Kamera eskuan, borroka erradikaletan nahastuko dira biak, lotsagabekeriaz, irmotasunez eta umore handiz.
Justin Webster
Espainia - Alemania 
360 min. Saila
Atentatu terrorista bat ikertzen ari den fiskal batek Argentinako presidenteari Iranekin konplotetan aritzea leporatuko dio. Lau egunera, fiskala buruan tiro batekin hilda agertuko da bere etxeko bainugelan. Alberto Nisman Buenos Airesen hil zen, baina hilketa edo suizidio misteriotsuaren uhina munduan hedatu zen Israel, Iran eta Estatu Batuetaraino. Sei kapituluko telesaila.
Andrés Di Tella
Argentina 
78 min.
Bi aktorek zuzendariaren gurasoek elkarri idatzitako gutunak irakurriko dituzte gau eta egun batzuetan zehar. Torcuato, aita, argentinarra da, eta Kamala, ama, hindua. Gutunek 50etik 70era bitarteko hamarkadak zeharkatzen dituzte. Amodiozkoak eta idealistak dira, munduan zeharreko bidaiak jasotzen dituzte, eta sozialismoaz eta psikoanalisiaz, oinazeaz eta hautsitako ametsez hitz egingo digute. Irakurri ahala, antzekotasunak eta desberdintasunak dituen harreman bat azaleratuko da aktoreen artean. Bitartean, zuzendariak alabarekin egituratuko du familiako oroitzapenen puzzlea, XX. mendeko istorio pribatu bat.
Anna Sofie Hartmann
Alemania - Danimarka 
87 min.
Uda Danimarkan: egun luzeak gau urdin bihurtzen dira. Danimarka eta Alemania lotzeko tunel bat egiten ari dira. Hiru pertsonak elkar ezagutuko dute eta berriz bananduko dira.
Takashi Miike
Japonia - Erresuma Batua 
108 min.
Leok, bolada txarra pasatzen ari den boxealari gazte batek, bere 'lehenengo maitea' ezagutuko du: Monica, prostituta eta drogazalea izan arren inozentziari eutsi dion neska bat. Ez daki, ordea, Monika droga-trafikoko kontu batean nahastu dela nahi gabe, eta gau osoan zehar atzetik segika izango dituzte polizia ustel bat, yakuza bat, haren etsaia, eta txinatar triadek bidalitako hiltzaile bat. Haien guztien patuek elkar gurutzatuko dute.
Angela Schanelec
Alemania - Serbia 
105 min.
Phillip, hamahiru urteko mutiko bat, astebetez etxetik desagertuko da arrastorik utzi gabe. Itzultzen denean, amari bizitzaren gaineko ikuspegia aldatuko diote erantzun nahi dituen galderek. Amak eta semearen irakasleek ezin dute susmatu baino mutila zertan ari zen naturaren mendean geratuz eta heriotzara hurbilduz, aitaren heriotza dela eta. Amak ezingo du onartu semeak bere bizitza duela eta alor horretan eragin mugatua izan dezakeela.
Maya Kosa, Sergio da Costa
Suitza 
60 min.
Luze isolatuta egon ondoren, Antoninek, neke kronikoa duen gazte batek, berriz ezagutuko du mundua txorientzako errehabilitazio-zentro batean. Toki bitxi horretan, elkarrekin bizi dira txori zaurituak eta galdutako arimak, hegazkinen nonahiko urrumen artean.
Damien Manivel
Frantzia - Hego Korea 
84 min.
1913an bere bi haurrak hil eta gero, Mother izeneko bakarkako agur-dantza sortu zuen Isadora Duncan dantzari gogoangarriak. Dantzaren une erabat samur batean, ama batek azken aldiz kulunkatzen du bere haurra, joaten utzi aurretik. Mende baten ondoren, dantza lazgarri horrekin topo egingo dute lau emakumek.
Ion de Sosa, Chema García Ibarra
Espainia 
11 min. Film laburra
Udako egun bat, herriko igerilekua: beroa, nerabeak, familiak, bikoteak, txonboak, garagardoa eta ogitartekoak tabernan. Medium nerabe bat norbaiten bila ari da Espainiako mapa baten gainean pendulu bat mugituz. Ezohiko zerbait gertatuko da ohikoaren artean: mutil bat itotzear dago, eta norbait salbatzera joango zaio igerilekuko uraren gainetik oinez. Bainulariek naturaltasunez hartuko dute gertatutakoa eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraituko dute. 
Zinemira Kimuak
Izibene Oñederra
Espainia 
11 min. Film laburra
Hélène Cixousek esan bezala, bizi garen garai honetan, inoiz ezagutu ez dugun espezie bateko milioika lursagu ditugu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala suntsitzen.
Zinemira Kimuak
Diao Yinan
Txina - Frantzia 
113 min.
Zhou Zenong espetxetik atera berri den gangster bat da. Gau horretan bertan iheslari bihurtuko da, banda-bilera bat gaizki amaitu eta ondorioz polizia bat hiltzen denean. Zauriak sendatu bitartean ezkutatu nahian, Liu Aiai aurkituko du: laguntzeko edo diru kopuru handi samar baten truke Zhou poliziaren kapitainarengana eramateko bidalitako prostituta bat. Bandetatik eta itxuraz Wuhan hiri osoa hartu duen polizia-operaziotik ihes, neska arrotz horregatik eta atzean utzi duen familiarengatik zenbateraino sakrifikatzeko prest dagoen erabaki beharko du Zhouk.
Yorgos Lanthimos
Alemania - Erresuma Batua - AEB 
12 min. Film laburra
Biolontxelista profesional batek ezezagun batekin topo egingo du metroan, eta haren bizitzan ustekabeko eta garrantzi handiko ondorioak izango ditu horrek.
Jean-Gabriel Périot
Frantzia 
89 min.
Zer indar geratzen zaizkigu orainaren kaosari aurre egiteko? Nos défaites-ek politikarekin dugun erlazioaren erretratu bat egingo du. Horretarako, jolas gisa, 68ko Maiatzaren osteko filmen zatiak berrinterpretatzeko eskatuko die bigarren hezkuntzako ikasleei, eta aktore gazte horien elkarrizketak tartekatuko ditu. Nola hautematen dute haiek hazi diren mundua? Eta, batez ere, aldatu, suntsitu edo berria eraiki nahiko dute?
Anthony Marciano
Frantzia 
108 min.
1993an, 13 urte dituenean, Maxek bere lehen bideo-kamera jasoko du. 90eko hamarkadatik eta gaurdaino, guztia grabatuko du Maxek: lagunak, arrakastak, desilusioak, lehen aldiak… Hala funtsezkoa nola azalekoa. Bere bizitzako erabaki garrantzitsuena hartzeko bezperan, bere bizitzako filma editatuko du. Guztion bizitzako filma.
Denis Côté
Kanada 
97 min.
Irénée-les-Neigesen, 215 biztanle dituen Quebeceko herri isolatu batean, auto-istripu batean hilko da Simon Dube. Herritarrek, zur eta lur, ez dute tragediaren inguruabarrei buruz hitz egin nahiko. Une horretatik aurrera, badirudi denborak zentzua galduko duela irudituko zaie Dube familiarentzat, Smallwood alkatearentzat eta beste zenbait herritarrentzat, eta egunak amaigabe bihurtuko dira. Astiro, zerbait jaitsiko da inguru horretara. Dolu-garai horretan, behe-lainoaren erdian, arrotzak agertzen hasiko dira. Nor dira? Zer ari da gertatzen?
Martín Rejtman
Argentina - Txile 
20 min. Film laburra
Federicok Magdarekin harremana haustea erabakiko du, baina neska aurreratu egingo zaio. Federico depresio sakon batean eroriko da. Hala ere, bizitza aldatzen hasiko zaio amonak hil aurreko hilabeteetan eman zizkion patata knishe izoztuak aurkitzen dituenean etxeko izozkailuan.
Maddi Barber
Espainia 
50 min. Film ertaina
Duela ia bi hamarkada, Itoizko urtegiak Nafarroako Pirinioetako maldetako zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituen. Itoitzekiko Elkartasuna talde ekologistak bideoan hartu zuen urtegiaren aurkako borroka. Oraindik urpeko lurrarekin amets egiten dute han egon zirenek. Beren ahotsekin eta keinuekin gaurdaino iraun duen dolu indibidual eta kolektiboa azalduko dute. Munduko estreinaldia.
Bertrand Bonello
Frantzia 
103 min.
Haiti, 1962. Gizon bat hildakoen artetik itzuliko da, eta azukre-kanaberako soroen infernura bidaliko dute. Handik 55 urtera, Ohorezko Legioaren Parisko barnetegi entzutetsuan, haitiar neska batek bere familiaren sekretua azalduko die bere lagun berriei, bihotza apurtuta duen ikaskide batek istorio bitxi horren ondorioz pentsaezina egingo duela susmatu gabe. Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: