71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Ventura Pons
 
90 min.
Anitak auzo bateko zine-areto baten leihatilan lanean emandako hiru hamarkadak bertan behera datozela ikusten du: zinea eraitsi dute multi-areto batzuk egiteko, eta garaia baino lehen erretiroa ematen diote enpresaren irudi berriarekin bat ez datorrelako. Aldaketari aurre egiteko ez da gai ordea, eta horregatik, zinema zegoeneko orubera gerturatzen da egunero. Halabeharraren poderioz, obrako hondeamakina darabilen gizonarekin maitemindu eta honekin enroilatzen da. Harreman samur bat daukate, baina gazi-gozoa, enpresaren bulegoetako karabanaren iluntasunean haragitua. Gizona ezkonduta dago eta ez du ezkutatzen. Bien artean etorkizunari itxaropenezko ate bat zabaltzea lortzen dute, eguneroko euren enkontru klandestinoen bitartez. Gerorik gabeko harreman bat da ordea, Anitaren kasuan, berrrogeita hamar urte dituenez, bere bizitzan iraganaren eta etorkizunaren artean mugarri izango dena.
Eterio Ortega Santillana
 
84 min.
Hiri eder batean egun arrunt bat. Udaberria gertu dago eta hori inguruko mendietan nabaritzen da. Bi gizon oinez doaz lanera. Bata Fernando Buesa diputatu sozialista da; bestea, bere bizkartzaina, Jorge Díez Elorza. Parke batetik doazenean, ehundaka urte dituzten arbolen azpian, lehergailu batek hiltzen ditu. Zergatik? Nork? Zertarako? Asesinato en febrero filmak gure artean ez dauden bi pertsonen bizitzak kontatzen ditu, basatikeriaz moztutako bizitza horien lekuko apartekoak izan diren emazte, lagun eta senitartekoen oroipenen bidez izate eraberritu bat hartuz doazen horienak.
Josecho San Mateo
 
106 min.
Davidek eta Carlosek, konbentzionalismoetaz nazka-nazka eginda dauden hogei urteko bi gaztek, euren kabuz kalean bizitzea erabaki dute, nola edo hala bizimodua. ateraz. Metroan egiten duten inprobisazio musikal kaxkar horietako batean, Davidek neska bat ezagutzen du, haren obsesio bilakatuko dena: María. Neskak ere bere lana eta bere bizitza arrunta gorrotatzen ditu, ihes egin nahi du eta laster Davidekin kalean bizitzen hasiko da. Une horretatik aurrera, bizitzak arrastaka eraman eta irentsiko ditu eta egoerak gero eta gehiago korapilatuko dira, erremediorik gabe amildegira eramango dituen zurrunbilo baten moduan. Edo agian ez da horrela gertatuko. Bidelagun besterik ez dira izango. Beste batzuk ihes egitea lortuko dute. Baina, gertatzen dena gertatzen dela ere, Davidek ez du sekula Maria utziko.
Jaime Chávarri
 
111 min.
Etxetik urrun, 1965eko Cadizen, Ramón, Alfonso eta Nicolas txalet alokatu batean elkarrekin bizi dira Medikuntzako ikasturtea gainditzeko asmoz. Alfonso eta Nicolasek ikasketa-giroa hausten dute Vicky eta Marianekin azaltzean, euren ostatu ziztrinetik ihesi laister etxean finkatzea erabakitzen duten bi dantzari. Ramonek, neskak aurrean edukitzeaz kikilduta, Esparza apaizarengan bilatuko du babesa, eta honek familia oneko neska bat aurkeztuko dio, zeinarekin harreman serio batean saiatuko baita. Baina Ramon Vickyrenganako obsesioak geroz eta itsutuago dauka, eta neskari ere mutila gustatzen zaio, hura noiz seduzituko une egokiaren bila dabil. Ikasturtearen amaiera iristean, denak aldatu egin dira: mutilak bokazioa galdu dute erabat, neskak ez dakite bizitzan zein ogibide izango duten, baina elkarrekin munduaren aurrean bakoitzak nahi duena defendatzen ikasi dute.
Adrián Israel Caetano
 
76 min.
Freddyk Bolivian gehien maite duena utziko du, bere familia. Buenos Airesa heltzen da agiririk gabeko etorkin modura, bera eta bere familiarentzat etorkizun duin bat lortzeko asmoz. Taberna batean parrilaren ardura hartuz lantxo bat lortzen du, Enrique ostatuko jabearen laguntzari esker. Freddy ohiko bezeroekin eguneroko bizimoduan murgiltzen da: El Oso, arazoak ito larrian duten taxilaria, Marcelo bere laguna, eta hau ere taxi-gidaria, eta Hector, Corbodako saltzaile ibiltari bat. Bertan Rosa ezagutu du, zerbitzari paraguaitar bat, zeinarekin harreman bat hasi duen, eta hartara, bi gizaki hauen bakardadeak bat egiteraino. El Oso, bere zorrak direla eta taxia galtzeko zorian dagoenak, ustekabean Freddyriko egotzi dio bere haserrea. Eta legez kanpoko etorkina den gazte honek azkenean larrutik ordainduko du.
Fernando Trueba
 
105 min.
Calle 54 batik bat pelikula musikal bat da, gaur egungo jazz latindarraren artista bikainenak biltzen dituena. Sei kamerekin filmatutako pelikula honetarako bereziki konposaturiko piezak edo beren lanik arrakastatsuenak zuzenean jotzen dituzte. Artista hauek mestizajetik jaio eta komunitate latindarrak New Yorketik Miami edo Sao Paulora, Habana, Puerto Rico edo Sevillatik barrena garatutako mugimendu musikal horren aberastasuna erakusten dute. Baina musikaren berotasunean aktore-musikari hauei euren historia kontatzen utzi aurretik, Truebak protagonisten unibertsoa euren ahots eta irudiekin erakusten digu.
Miguel Albaladejo
 
107 min.
Miguel ospital batean lan egiten duen psikiatra gaztea, ustekabean Sara bere emazteak utzi egin du, eta hori gutxi balitz, bere amaginarrebaz arduratu beharko du, zeinak, normala denez, Sararen aldegitea leporatzen dion. Eta gainera, sinpatiko samarra baina lapur hutsa den Paquito, bere paziente junkie batek, saio batean kartera ostu dio. Paradoxikoki, gertakari honek bere tristuraren amaiera dakar, kartera berreskuratu nahian dabilela, Jasmina, Paquitoren arreba ezagutuko baitu, bere familia osoa aurrera ateratzearren ahalegin guztia egiten duen auzo txiro bateko neska, eta elkartze honen eraginez, Miguelek bere arazoak beste ikuspegi batez ulertuko ditu.
Alfonso Ungría
 
91 min.
Tangerren han-hemenka dabil Martin bere bizitzarekin zer egin ez dakiela. Bertan, adina bikoizten dion beste txoriburu bat ezagutuko du: Abel, bizizale alai eta abenturazalea berau. Gau ero batez, zentral nuklear bat dinamitatzea erabakiko dute: euren etorkizun beltzari argizpi bat eman nahian. Ana, Abelen maitale gaztea, bidaialdira (kostalde osoan zehar, herrialdearen barrualderaino) elkartzen zaienean, euren helburuak sendotuko zaizkie. Neska izango da euren maitasunaren, liskarren, idealen katalizatzailea, baita euren ezinbesteko, sekulako, azken eztandarena ere.
Guillermo del Toro
 
106 min.
Espainia, 30eko hamarkadaren amaiera. Carlos 12 urteko mutiko batek Santa Lucía umerzurtz-etxean uzten du bere tutoreak, eremu malapartatu batean bakarturik dagoen edifizio beldurgarri batean. Santa Lucían dagoen lehen egunetik, Carlosen begi izutuek behin eta berriz hilotz-itxurako mutil bat dakusate, harekin etengabe komunikatzen saiatzen dena. Carlosek berandu baino lehen, helburu garbirik gabeko haurraren mamu marmarti hori bertan ikasle izandako ume bat dela ohartuko da, egoera misteriotsuan aspaldi desagertutako Santi izeneko mutil bat. Mendekuaren egarri baita, Santiren izpirituak barneko ikasle berri honen bitartez bere hiltzaileari zor odoltsu bat ordainaraziko dio.
Beatriz Flores Silva
Uruguay - Argentina - Kuba - Espainia - Belgika 
96 min.
27 urteko Elisaren ametsa Montevideoko auzo dotorenean ileapaindegi bat irekitzea da, baina bat-batean etxea, amorantea, lana eta dirua galduko ditu. Lulú, bere lagunik onenak Doña Jaquelineren prostituzio-etxera eramaten du, non Plácido ezagutu duen, Espainian negozio bera daraman gizona. Elisak Bartzelonara eraman dezala sartzen dio buruan Plácidori, baina hara iristean, esplotatu egiten dutela konturatuko da. Marcelo polizi komisari gazteak Plácido atxilotzea erabakitzen du, trabesti brasildar baten heriotza leporatuz. Epaiketan, Elisak Plácidoren aurka deklaratuko du eta Marcelok lagundurik Uruguaira itzuliko da. Montevideoko aireportuan baina, zenbait agiri faltsutzeagatik atxiki egiten dute, baina Marcelok neska aske utz dezaten lortuko du, espainiar enbaxadoreak Errepublikako presidenteari hala eskatuta.
José Luis López-Linares, Javier Rioyo
 
84 min.
Dokumental honetan egileek bi urteren buruan urruneko gerratan boluntario izandako hamaika gizon eta emakume elkarrizketatu dituzte, drama horien eszenatokiak ezagutu dituzten horiek, Wolchov-eko ur izoztuetatik hasi eta Alcarriako estepa gogorreraino. Epiko, iheslari, abenturazale, liriko sutsuak eta iraultzaile ortodoxoen legio heterodoxo haien partaide ziren horietako batzuren istorio pertsonalizatuak dira. Gazte komunistak edo antikomunistak. Ideologia eta gizarte-maila antagonikoetatik abiatuta, mundua aldatuko zutelakoan borrokatu zutenak; nola jakin gabe ere, ez noiz, ezta norentzat ere. Milaka gazte euren buruez arrotz bihurtu ziren azkenerako. Ezusteko abenturaz jositako bidaiaren bila boluntario edo ezboluntario. Euren bizitzetako abenturarik handiena.
Miguel Hermoso
 
98 min.
Tony eta Juanjo bere mutil-lagunak lapurreta bat egiten dute bi gaizkideekin batera, Maxi eta Mocorekin. Tony 15 urte zituenean bere aitak abandonatu zuen eta hiri inguruko gaizkileen giro gogor eta marjinalean hazi da. Lapurretaren ondoren, Juanjok Tony traizio egiten dio, zeinak polizia eta bere gaizkideak atzetik dituenez, ihes egin behar baitu, eta azkenik Juanjoren 7 urteko iloba bitxi batekin, Laurarekin alde egin beharko du. Inguratuta eta noraezean, bi neskak eurentzat ezezagunak diren pertsona batzuren artean bizirik irauten saiatuko dira, eta Hegoaldearen Hegoaldean, urruneko itsasertzean, ezusteko adiskidetasun baten argi babeslea aurkituko dute.
Pablo Llorca
 
132 min.
Benetako istorio batean oinarritzen den pelikula honek Rosaz hitzegiten digu, gizon okerrarekin maitemindu zen emakume batez. Eta Ivanekin egoteko eta honekin taberna bat martxan jartzeko ziurtasunez beteriko bere aurreko bizitza utzi zuela. Jokuan egindako zorrak pilatuz doazkio Ivani, eta horregatik Rosak orduka bere etxea prostitutei alokatu beharko die. Aurki, Ivanez nazkatuta, tiro egingo dio eta kartzelaratu egingo dute. La espalda de Dios filmak amodioaren bidetik datorren degradazio baten berri ematen digu, logikaz haruntzago, maitemindutako emakume baten jokaera irrazionala erakusten du eta pasioak pertsona orekatuak eta zentzudunak nola aldarazten dituen, euren buruekiko kaltegarri bihurtzeraino.
Barbet Schroeder
 
Hogeita hamar urte kanpoan egon ondoren, Fernando Vallejo idazlea Medellinera itzultzen da. Garai batean utzitakoaz ezer gutxi geratzen da: gurasoak hil zaizkio eta narkotrafikatzaileen bizkartzainek izua sortarazi dute. Mutilen putetxe batean, Alexis aurkitzen du, auzo txiro bateko hamasei urteko mutiko bat. Alexis saripeko hiltzaile horietako bat da, etorkizunik gabeko beste gazte batzuk hiltzen dituzten horietakoa. Bien artean amodioa pizten da, etorkizunik ez duen maitasuna ordea, inguratzen dituen egoerak aldez aurretik madarikatua. Egun batean, Alexis hiltzen dute. Etsi-etsi eginda, Fernando noraezean dabil kalean, Alexisen antza duen mutil bat aurkitzen duen arte, adin berdina eta antzeko delituzko historia duena. Amodiozko istorio berri bat hasten da Fernandorentzat.
Emilio Martínez-Lázaro
 
120 min.
Bilbo, 1980. Ustelkeria eta izuekintzak gailen diren ingurune batean, hogeita hamar urte inguru dituen Charli goibelak, negozio ilun samarretan sartuta dabilen jatorri portugeseko enpresari baten, Oliveira jaunaren konfiantzazko-gizon moduan egiten du lan. Zenbait mehatxu eta atentatuen ondorioz kezkatuta, Oliveirak Charlieren babespean jarriko du bere alaba nerabea, Marta. Orduan dena korapilatuko da: maitasuna ezustean agertuko da, indarkeriak indarkeria gehiago dakar berarekin, lagunak ez dira itxuraz ziruditena eta dirua eskuz-esku aldatuz dabil.
Gerardo Herrero
 
93 min.
Santiago, Marta eta Carlos hilean behin elkarrekin bazkaltzeko geratzen dira. Unibertsitate garaitik ezagutzen dira, duela 15 urte baino gehiagotik. Orduan amets eta ilusio ugari zituzten, baina urteen joan-etorrian bakoitzak bere bideari jarraitu dio. Bazkari horietako batean, Carlosek Santiagori 4 milioi uzteko eskatzen dio, eta beste lau Martari, bere informatika-enpresak arazoak dituenez. Hilabeteak badoaz, eta Carlosek ez du dirua itzultzeko modurik. Santiagok eta Martak ez zaiela axola ziurtatzen diote, baina, euren bizitzak aldatu egin dira bazkari harrez geroztik: diruak euren gaztaroko ametsak zapuztu ditu, eta are garrantzitsuagoa dena, euren adiskidetasuna ere.
Fernando Fernán-Gómez, José Luis García Sánchez
 
97 min.
Jadanik helduaroan dagoen Tormesko itsumutilak Toledoko auzitegiaren aurrean hogeita hamar urtez emandako bizimoduaren arrazoia gosea saihestea zela frogatu beharko du, eta ez delituak egitea. Bere adierazpen sutsuetan, iragana, oraina eta etorkizuna nahasten ditu, entzuleak dibertitzeko asmoz, aldi berean garai hartako pertsonaia eta ohituren tapiz bat ehotuz, eta iseka berberaz, kleroa, boterea eta herria xehea aipagai dituela. Lázaro de Tormes pelikulak Paco Rabal handiaren azken antzezpenetako bat jasotzen du.
Gonzalo Tapia
 
108 min.
Lena hemezortzi urteko neska bat da, amarik gabeko zurtza, Vigoko itsasadarreko portuko Bouzas auzoan bizi dena. Bere aita gizon heldugabe gizagaixo bat da, ameslaria eta beti istilutan dabilena. Hala eta guztiz ere, bere alabarekin maitekorra da, eta elkartuta daude. Uda hasi besterik ez da egin: Lenak izoztuen biltegiko bere soldata jaso du eta bere aitak azkenik mixeriatik aterako dituen lan bat aurkitu duela dirudi. Lenak, bere adineko edozein neskak bezala, bere lagun-taldearekin ongi pasa eta arazoak piska bat ahaztu nahi ditu; baina bere aita bertako mafiak jipoitu du, dirua xixkatzea leporatzen diotelarik. Une honetatik aurrera, Lenaren bizitza zeharo aldatuko da. Bere kezka nagusiena orain bere aita defendatzea izango da.
Víctor García León
 
91 min.
David nerabe sentiberak, ilusioz eta poesiaz beteriko mutil barnerakoi eta ameslaria denak, bat-batean errealitateak astintzen du. Opildegi baten jabe diren bere gurasoak munduko gurasorik onenak ez direla ohartzen da. Lehengo suspentsoak ezagutuko ditu. Sexua ez dela munduko gauzarik erromantikoena konturatuko da. Bera irabazle baino gehiago galtzaile dela, Atleticoaren, eta ez Real Madrilen jarraitzaile izateko jaio dela. Eta bereziki Gloria ezagutuko du, bere institutuko neska bat. Baina amodioaren lehen ikasturtean ia mutil guztiak neska beraz maitemintzen dira. Neska horrekin ateratzea lortzen ez duen mutil horietako baten istorioa da hau.
Jorge Zima
 
90 min.
Hiru pertsona euren bizitzak fantasia batean edo mandatu batean oinarritu dituztela jabetuko dira, euren sakoneko nahi eta beharrei erantzunik eman gabe. Paulak, triangelu honen pertsonaia nagusiak, berarekin oso modu berezian harremanetan jarri den gizon bat azaltzean piztu den gatazka sutsuki bizi du. Pelikulan zehar erotismoa modu anitzetan agertzen da, batzutan mehatxu gisa eta tentsio sortarazle, baina batez ere, gorputzen ukitzea benetako komunikabide izan daitekeela adieraziz.
David Trueba
 
115 min.
Benito Cañaveras eta Carolo Suarez Perales bi zinezale porrokatu dira. Lehena zuzendaria da eta bigarrena, berriz, haren azken proiektuko aktorea, Super 8an filmatuko den Un mundo para nosotros pelikula musikalarena. Emakumezko protagonistaren papera zine nazionaleko izarra den Armanda Castrok joka dezan erabaki dute. Gaztea izanik, dagoeneko gainbeheran dagoen aktoresak, mesprezuz eta nazkaz hartzen du film honetarako eskaintza. Oraindik ez daki gertaerek honako pertsonaia hau egitera eta Benito eta Carolorekin erabat bakanduta bizitzera behartuko dutela. Hirurak guztiz aldatuko dira ?maisu-lan? honen filmaketa amaitzen denerako.
Marc Recha
 
110 min.
Alexek Bartzelonako kaian lan egiten zuen, baina egun batez dena uztea erabaki eta Pirineotako herriska batera joaten da. Pau bere anaiak eta Mercè bere amak hari buruz ezer gutxi zekiten. Alexek bere buruaz beste egin duela jakin berri dute ordea. Alexek bere azken hilabeteak igaro zituen tokira bidaiatzen dute Pau eta Mercèk. Bertan mutilaren neska-laguna, Sara ezagutzen dute, Alex hil denik ere ez dakiena, eta haren bila etorriko delakoan zain dagoena; mutilaren lagun eta nagusia zena, Emili, urte batzuk lehenago Alexek bezala bizitzaz aldatzea erabaki zuena; eta Toni, Emilirekin lan egiten duen gizona, eta ezkutuan Sararekin maiteminduta dagoena. Bakoitzak besteen begiradari esker, Alex berri bat ezagutuko dute, eta mutilaren faltak euren helburu eta gabeziak birplanteatzen lagunduko die. Banantzen direnerako, ez dira lehengoak izango.
Vicente Molina Foix
 
105 min.
Pelikulak hiru protagonista ditu: helduaroan dauden bi lagun, Rosa (pintatzen jarraitu ezin duen margolari dibortziatua) eta Jaime (bera bezala, Sagitario zeinupean jaiotako aktore bat), eta Juan gaztea, hasiera batean etxez etxe dabilen janari-banatzaile harro samarra, eta bukaeran erabat behea joko duena. Hiru hauek akzioa bideratzen dute, erdi-erdian Rosak Juanekin dituen amodiozko harremanak eta Jaimek Rafa izeneko mutil misteriotsu batekin dituenak jarriz. Baina bere inguruan pertsonaia talde bat gurutzatzen da, ustekabeak eta desirak ehotutako tarteka komikoa, tarteka tragikoa den armiarma-sare bat osatuz. Denek gauza bera bilatzen dute: giza-horoskopo osoa biltzen duen gaur egungo Madrilgo hutsune dardarati eta mestizoan euren bizitzak asetzea.
Jorge Aguilera
 
80 min.
Dalia txikiaren heriotzaz gero, bere familia oinazeari aurre egiten saiatuko da: Dulce ama bere lanean buru-belarri murgilduko da; Damián, anaia txikiak, laguntza terapeutikoari esker gertaera traumatiko hori ahaztuko du; Derek aitak burua galdu du Dalia bidaian dabilelako ustean. Hamaika urte igaro dira eta Damianek Fabiana, eskolako lagunarekin harreman bat hasiko du, zeinarengan, ahantzita duen arrebaren irudia berraurkituko duen. Damianen nahasteak Fabiana uxatuko du, eta mutilak, berriz ere, aspaldi jasandako galerari aurre egin beharko dio. Derekek, Daliaren mamua topatu ostean, azkenik bere alaba betiko joana dela onartuko du. Eta Dulcek ezingo dio jada familiaz jabetu den oroitzapen horri ihes egin eta bere lana utziko du bere senarrarekin eta semearekin egoteko.
Montxo Armendariz
 
115 min.
1944ko negua. 21 urte besterik ez dituen Lucía mendialdeko herriska batera ailegatzen da. Bertan Manuel gazte errementaria ezagutzen du, mendikoei, makiei laguntzen diena: frankismoaren garaipena onartu nahi ez duten mendian ezkutatuta dauden gerrillariei. Manuelek Lucía erakartzen du, bere irribarreak, eta bizitza arriskatuz, euren ideiengatik borrokan jarraitzen duten gizon horien ausardiak. Manuelek makiekin elkartzeko alde egiten duenean, Lucíak mendiak ezkutatzen duen errealitate babesgabea ezagutuko du eta herriko kale hutsetan isiltasuna, izua eta beldurra bakarrik dabiltzala zurrunbilo baten gisan. Halere, Manuelekiko sentitzen duen grinak Lucíaren ilusioa eta egun hobeak iritsiko direlako itxaropena bizirik irauntaraziko ditu.
Joaquín Oristrell
 
116 min.
1979ko uda partean gertatutako maitasunezko istorioa kontatzen duen gidoi bat ustekabean Isabel aktore-irakaslearen eskuetara iristen da. Testua irakurtzean, gidoia idatzi duen Mario Fabra zuzendariarekin berak duela 21 urte edukitako amodiozko istorioan oinarrituta dagoela ohartzen da, 17 ordu besterik iraun ez zuen harremana, baina neskak sekula ahaztu ez duena. Isabelek Mariori deitzen dio -ordutik ikusi ez duenari- eta harekin gelditzen da, baina ikusten duenean, barregarri sentitzen denez, ezikusiarena egingo du. Gizonak ere ezagutu du, baina gauza bera egiten du. Baina Mariok bere filmerako aktore berriak behar ditu eta, ondo pentsatu ondoren, Isabel eta bere eskola horretarako erabiltzea otutzen zaio. Egia ordea, Isabelengandik gertu egon nahi duela da, eta Isabelek ere harekin berriro egon nahi duela.
Bigas Luna
 
Uda amaierako egun batez, Ulises kostaldeko herriska batera iristen da institutuko literatur irakasle berria izateko. Bertan Mediterranioko sentsualitatea ezagutzen du itsasoari, laranjondoen usainari eta neska batek, Martinak, prestatzen dizkion patata frijitu goxoei esker. Ulises ezinbestez neskaz erabat maitemindu da. Eta Martina mutilak kontatzen dizkion istoriek sorginduko dute. Goizean goiz arrantzan hegaluzeen bila ateratzen den egun batean, Ulises desagertu egingo da. Martina Sierrarekin ezkonduko da orduan, bertako eraikitzaile dirudun batekin. Luxuzko bizitza horretara moldatu denean, Ulises azalduko da berriz, ez baitu neska ahazterik lortu. Martinak orduan Ulises bere senarraren etxe-orratz erdi-eraikitako baten gainaldean ezkutatzen du, eta bertan bikoteak enkontru ezin sutsuagoak izango ditu.
Gabriela David
 
93 min.
Lapur baten isilpeko kontaketak duela gutxiko gau bateko gertakariak aurkezten dizkigu, ostutako taxi batean hiriko kaleetatik zebilela, istilu bortitz batetik bizirik atera den neska nerabe bat zaurituta aurkitzen duenekoa. Gautiarra eta hiritarra den Taxi, un encuentro filmak barne-barneko istorio txiki bat kontatzen du, gizaki hauen artean sortu den loturak gizabanakoaren biziraupenaren eta hurkoarekiko elkartasun-ekintzen arteko kontrajartzea adierazten du, eta eurei bizi duten zurztasuna eta samindura leuntzen die nolabait.
Santiago Segura
 
98 min.
Costa del Sol-en osteratxo bat egin ondoren, Torrentek Marbellan kokatzea erabaki du (non, zergatik ez dakigula, etxean bezala sentitzen den). Bertan gehien gustatzen zaizkion gauzak egin ditzake: hiritarrak defendatu, Justiziaren betetzea zaindu eta ahalik eta inozo gehienei iruzur egin. Burutik jota dagoen Spinelli arma-trafikatzaile boteretsua jokoan sartuko da, 2.000 milioi pezeta ematen ez badizkiote hiria suntsitzeko mehatxua eginez. Gizon bakar batek bakarrik libra dezake Marbella, baina une hartan beste pelikula bat filmatzen ari da. Hortaz, erantzukizun guztia gure heroiaren bizkarrera eroriko da.
Carlos María Jaureguialzo
 
105 min.
Mutila gazte bikain eta handizale samar bat da, negozioen munduan arrakasta lortu nahi duena. Neska, edertasun aztoratzaile eta basati baten jabe dena, azkar eta burugabe bizitu da Salinas gaizkile zekenaren menpean prostituzioan arituz. Halabeharrak elkartuko ditu, mugako motel idor eta hautsez beteriko batean, Gustavo diruz betetako maletatxo batekin bertara iristen baita. Orduz gero, jokoan izango dira maitasun-harremana, traizioa, erotismoa, abentura, tartean sartzen diren eta akzioa azkartzen duten gaizkile batzuk, eta Gustavo, bere mundura itzultzen saiatzen ari den gizona, bertan seguru eta arrakastatsu sentitzen baita, baina han ez dago Marielentzako tokirik...
Alberto Arvelo
 
91 min.
Andeak, 1948. Emaztea hil zitzaionetik, Tomas Alonso eta honen seme Santiago mendiz inguratutako etxe batean, idi pare batekin eta gariz ereindako soro baten erdian bakarrik bizi dira. Zenbait arratsetan Tomasek biolina jotzen du. Kanpotar baten etorrerak eta ustekabeko gertakizun batek istorioa ehuntzen duten korapilo biak askatuko ditu: alde batetik, aita-semeak itsasoarekiko asmatu duten maitasuna eta grina eta, bestetik, Tomasek hartu beharko duen erabakia: gizon zintzo eta koldarra izan ala bere semea defendatzearren, hiltzaile bihurtzea.
Alfonso Cuarón
 
105 min.
17 urteko Julio eta Tenochen bizitzak euren hormonek, euren adiskidetasunak eta heldutasuna erdiesteko euren nahiak gidatzen dituzte. Familiartean igarotzen duten festa giroko arratsalde batean, Luisa izeneko 28 urteko neska bat ezagutuko dute eta euren adineko gazteek ohi duten modu eta graziaz limurkeriatan ibiliko dira. Bromatan, Boca del Cielo deritzon alegiazko hondartza batera joatea gonbidatuko dute neska. Honek ezeztz dio adeitasunez, bakoitzak bere bidea hartzen eta dena ahaztuta geratu dela ematen du. Haatik, Luisak oso berri txarrak jasoko ditu eta, bere bizitzaren norabidea aldatu nahian, mutilak aurkitu eta haien eskaintza onartuko du. Euren bizitzetarako erabakigarri izango den bidaian abiatuko dira hirurak, zeinean xalotasuna, sexualitatea eta adiskidetasuna gatazkan sartuko diren.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: