71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Made in Spain
Made in Spain
Marc Recha
Espainia 
93 min.
Kazetari batek maiz hitz egiten zion garai bati buruz idazteko dokumentazio eta material bila hilabeteetan lanez gainezka aritu ondoren, Marcek bere anaia Davidi hots egin dio oporretara joateko. Marcek ezin du deskonektatu ordea, eta Davidek Hegoalderago eramango du, diotenez, jendea oso urrunetik datorren toki bateraino, katuen antzeko biboteak dituen arrain bat harrapatzera. Paraje ezezagun batean barneratuko dira, bertan euren aitona-amonek abentura ugari bizi izan zituztela jakin gabe, eta noraezean dabiltzan pertsonaiak topatuko dituzte paradisu galdu batean murgilduz.
Emilio Martínez-Lázaro
Espainia 
108 min.
Hiru urte igaro eta geure protagonistak zentzatu egin dira. Javier Martarekin ezkontzera doa, hark konpromisoari zion beldurraz osatzea lortu duen mediku gaztea berau. Pedro bere neska-lagun berriarekin, Raquelekin txora-txora eginda dago eta honekin azkenik etorkizun bat eraiki dezaketela uste du. Rafa ere Pilarrekin zoriontsu dela dirudi, neskak maitatu eta zaindu ezezik, estilo berezi batez berrezitu ere egiten baitu. Haatik, Raquel eta Martak asmo ezberdinak dituzte euren bikoteen egonkortasuna arriskuan jartzen dutenak. Pilarrek amorante ezezagun batekin berriro maitasunaren poza berreskuratuko du, eta hau ere berrezitzen saiatuko du, nola ez, bere erara. Eta egoera gehiago korapilatzearren, mutilen bizitzan emakume berri bat azalduko da: Carlota, goxoa, ezustez betea, jostalaria eta originala, eta honengatik, jakina, burua galduko dute (bai, zentzudun bihurtzeko zorian zuten horixe).
Gerardo Herrero
Espainia 
108 min.
Berrogei urteko Juan Olmedo hondoratze batetik bizirik atera da eta bertatik bere iloba eta adimen urriko bere anaia salbatu ahal izan ditu. Beste hiri batean, atzean utzi du iragana, Atlantikoko cadiztar kostaldea astintzen duen haizea bezain lazgarri eta apetatsua, eta toki horixe aukeratu du bere oroitzapenetatik ihes egiteko. Munduko bazter honetan, Maribel bere neskamearen ezusteko laguntzarekin, eta Sara, bera bezalaxe iritsi berria den ?arrotz? batenarekin, oinazetzen duten oroitzapen horiei aurre egin beharko die Juanek: bere koinatarekin izandako amodio sekretu eta ezinezkoa, eta gehien maite eta gorroto zuen anaiaren heriotzaren misterioa: Damián.
Daniel Sánchez Arévalo
Espainia 
105 min.
Jorgek aitaren lana oinordetzan jaso du hark garun-infartu bat jasan duenean. Hala ere, saihestezina dirudien zoriaren aurka borrokatuko du. Azken urteetan, bere lana betetzen, aita zaintzen eta karrera bat ikasten saiatu da. Orain beste lan bat aurkitzeko ahaleginean dabil. Antonio bere anaiaren bitartez, Paula ezagutuko du, gauza guztiekin arduratsu sentitzeari utzi eta bere desioei aurre ematera bultzatuko duena, besteek berarengandik espero dutena alde batera utziz. Gauzak bestela izan zitezkeen orduan? edo ez. AzulOscuroCasiNegro gogo-aldarte bat da, etorkizun zalantzagarri bat, kolore bat. Batzutan ezagutzen ez dugun kolore bat da, bakoitzaren argi, ikuspegi eta jarreraren arabera, aldatu egiten dena. Askotan oker gaudela gogorarazten digun kolore bat, eta batzuetan gauzak ez direla begiratu hutsez dakusagun kolore horretakoak.
David Trueba
Espainia 
118 min.
Eva eta Samuel elkarrekin bizitzera joan berri den maitemindutako bikotea da. Samuelek informazio orokorreko aldizkari batean argazkilari-lana aurkitzen du. Bertan lankide berriak ezagutuko ditu: gertakari-erredaktore den neska erakargarria, gogortutako zine-kritikaria, ekonomia-berriemaile atipikoa, kirol-kazetari zaildua eta musika atala daraman kantautore zapuztua. Horiek guztiak inguruan dituela, Samuelek Evarekin bizitzean sortuko zaizkion zailtasunak gainditzen saiatuko da, bikote izateko zeregin gaitz horretan bere amodioari eusten. Beti zelatari eta babesle den bere amak iraganeko bere akats uste dituenak semeak errepikatu ez ditzan zainduko du. Iragana, hain zuzen, Samuelen bila etorriko da Nievesekin, haurtzaroko lagun batekin berriro elkartu orduko. Baina dena korapilatzen hasiko da Evak Samueli haurdun dagoela aitortzen dionean.
Antonio Cuadri
Espainia 
90 min.
Bihotzeko arazoak dituen berrogeita hamar urte inguruko Pepe taxilaria asper-asper eginda dago, baina bizitza errotik aldatzera doakio. Hogei urteko seme bat daukala jakin du, bere emaztearen lagunik onenarekin izandako aspaldiko harreman baten ondorioz. Jordi, Peperen ume naturala, bere aitaren bizitzan zurrunbilo baten modura sartuko da. Argia, homosexuala, maitemindua, seropositiboa eta bizizale amorratua da. Jordi bere aita ezezagunari hurreratzen zaio zalantza askorekin, Pepek ez du haientzako erantzunik ordea. Alabaina, sakrifizioak, egiak eta maitasunak aurreiritzi guztiak aldarazi ditzakete.
Juan Millares Alonso
Espainia 
100 min.
Cuadernos de contabilidad de Manolo Millares dokumentalak espainiar margolaritza garaikideko artista handi eta sakonenetako baten haurtzaroa eta gaztaroa, pertsona nola pintore prestakuntza-urteak kontatzen ditu. Urte hauetako kontakizuna Manolo Millaresek berak oroitzapen moduan idatzita dago IVAMek 1998an argitaratutako kontabilitate-koaderno batzuetan. Horrez gain, bizirik dauden Millaresen anaien oroitzapenak erakusten ditu, baita harekin harremana izandako beste zenbait pertsonaia ere, eta Errepublikako, Gerra Zibileko eta gerraosteko Kanariar Uhartetako giro artistikoa islatzen dutenak.
Manuel Iborra
Espainia 
97 min.
La dama boba XVII. mendean giroturik dago eta garaiko gizarte matxista oso era ezberdinean saihesten duten bi ahizpen istorioa da. Bata, liburuen bitartez, eta bestea, tuntunarena eginez. Ordea, bi ezkongaien etorrerak bata-bestearekin lehian jarriko ditu. Norgehiagokak eta amodioak euren benetako nortasunak azaleratuko dituzte eta inozoena azkarrena gertatuko da.
Chema Rodríguez
Espainia 
90 min.
Valeria, Vilma, Mercy eta gainerako lankideak modu duin batez tratatu ditzaten eta egunero pairatzen duten indarkeria amaitu dadin amesten dute. Prostituta guatemalarrak dira, zerbitzuko bi dolar kobratzen duten prostitutak. La Línean lan egiten dute, Ozeano Barerantz hiriburua zeharkatzen duen trenbidearen ondoan. Euren arazoez, Poliziaren jazarpenaz eta zigortu gabeko hilketen gainean ohartarazteko, futbol-talde bat osatu zuten, asteetan entrenatu eta bertako txapelketa batean izena eman zuten, prostitutak izateagatik bertatik bota zituzten arren. Kanporatzeak herrialdean eztabaida bizia piztu zuen, arbuioak eta aldeko elkartasuna, gauetik egunera euren bizitzak aldarazi zituztenak. Hauxe da beren istorioa.
Albert Serra
Espainia 
113 min.
On Kixote eta Santxo abentura bila noraezean zaldiz dabiltza. Bidean gai espiritualez, zaldunezkoez, praktikoez... eztabaidatzen dute eta euren adiskidetasunean sakontzen dute. Cervantesen On Kixoteren egokitzapen libre honen filmaketa bitartean, talde tekniko-artistikoa ibilaldi zinematografikoan ez ezik, bizi-bidaian ere murgildu zen, protagonista birekin paraleloan, eta pelikularen gai nagusia bi bidaia hauen bat-egitea izango da.
Juan Miguel Gutiérrez
Espainia 
82 min.
Kalea bai toki magikoa, eta gogorra aldi berean. Zarata oldarkorrez betetako ohian horretan loratzen dira ahotsak, batzuetan leun, bestetan urratu. Eta guztiek aurkitzen dute jokalekurik bereziena.
Isaki Lacuesta
Espainia 
115 min.
La leyenda del tiempo filmak Isra ume ijitoaren istorioa irudikatzen du, aita hil zitzaionetik sekula kantatu ezin izan duena, flamenko-kantarien usadioaren partaide izaki eta noizbait bere sorleku La Islatik urrun bidaitzeko ametsarekin bizi den arren; eta baita Makikoren istorioa ere, La Islara bidaian datorrena, arrotz zaizkion tradizio eta bizitza ulertzeko modu horiek bereganatzeko asmoz, bere aitaren gaisotasunak pizten dizkion ezin adierazizko zirrarei aurre egiteko aukera emango diotelakoan. Bi pertsonaia, oraindik ezjakin badira ere, iragankortasun egoeran bete-betean murgilduta daudenak, beste pertsona batzutan bihurtzeko zorian.
Fernando Guillén Cuervo
Espainia 
105 min.
Maca eta Rena ?pelotazoa? eman nahian dabiltzan ez lanbiderik ez bestelako egitekorik ez duten berrogei urte inguruko bi tipo dira. Telebistako lehiaketa batean abeslari-izar berrien bila dabiltzala jakin orduko, Pipo eta David gazteen manager egingo dira, berehala "Los Reyes del King" bihurtuko dituztenak. Taberna, bingo eta bestelako alproja-zulotan kantatu ondoren, La Rota ezagutuko dute, hegoaldeko kostaldean zehar bira bat antolatuko dien folklorika erretiratu eta iluna berau. Horrela, erotzeko moduko road movie bati ekingo diote, non arrakasta-ametsa izaki arraroez betetako amesgaizto bilakatuko zaien: Tom Jonesen klonak, porno-izarrak, arabiar argieginak, marine psikopatikoak, animatzaile erakargarriak, zinegotzi ustelak eta estralurtarrak.
Manuel García Serrano
Espainia 
96 min.
Uda dator eta ikasturtea amaitu da. Vallecas Villa (Madril) ikastetxe publikoko Karlita ikaslea bere jaioterri Ekuadorrera doa oporretan. Karlitaren ikaskide baten ahizpa zaharrena ere, Soraya, etxera itzuliko da: Marokora. Neska hauen bitartez pertsona askok euren sustraiak atzean uzteko arrazoien berri izango dugu. Pobladores ez da inmigrazioari buruzko beste pelikula bat, ez baitu hori hizpide bakarra. Herrialde desberdinetako pertsonez dihardu, oso antzeko motibazioak eta kezkak dituztenak, ordea. Pertsonaiek ez dute pena eman nahi, itxaropena baizik, ez dute errukirik nahi, elkar ulertzea baino, eta euren bizipenen bitartez, etorkin askoren errealitatea azaltzen dute, Europara etorkizun hobeago baten bila datozenak, ez karitate bila.
Roger Gual
Espainia - Argentina 
95 min.
Orain dibortziatuta dauden bi bikote duela hogei urte komunako bizimoduan izan ziren mendialdeko masiara itzuli dira Maxek gonbidatuta, bertan gelditu zen lagun bakarra berau. Orain hogeita hamar urte inguru dituzten horien hiru seme-alabak ere oroitzapen gazi-gozoz beteriko leku horretara joan dira. Euren bizitzak ez dira uste bezala gertatu, eta asteburu horretan frustrazio eta desengainu asko emango dira ezagutzera, gazteenentzat bereziki. Maxek gonbidapenerako baliatu duen aitzakia etxeaz agurtzea da, hau saltzea erabaki baitu nekazal turismoko ostatu bihurtzeko; ordea, nagusien kasuan, garai zaharrak gogora ekartzeko parada izango da: gaua Super 8ko pelikulak ikusten igaroko dute eta gazteek, bizi izandakoak barrez hartzen dituzten arren, aurkitutako pelikulen "remake" bat egitea proposatuko dute.
Daniel Cebrián
Espainia 
107 min.
Angelek hogei urte eskas ditu, ordukako lan bat, lagun gutxi eta etorkizun gutxiko boxeo jarduera. Vidal, argentinarra, boxeolari ohia eta banketxe-lapur profesionala, bere bizitzan sartu da. Orduz gero, Angelek bere inguruko bizitza arruntaren edo Vidalek eskaintzen dion etorkizunaren artean aukeratu beharko du: diru erraza, emozio indatsuak, errespetua eta onarpena. Angelen unibertso hauskorra guztiz osatuko da behin betikoz nor den eta nor izan nahi duen erabakitzen duenean.
Julio Wallovits
Espainia 
97 min.
Berrogei urte inguruko gizon batek bere larritasun, beldur eta galera guztien errepasoa egiten du, geratzen zaion hori edukitzera zerk eraman duen... ez baitu ezer bere-berea denik. Itobeharrez betetako korapilo baten erdian, irtenbiderik gabe, gizonak hiriko antzinatekoen denda batean Bauhaus aulki baten imitazioa aurkitzen du, eta hartan jartzen du aldatzeko duen fede osoa. Alabaina, aulkia erosteko diru bila doan bitartean, aulkia beste pertsona bati saltzen diote.
Vicente Aranda
Espainia - Britania Handia 
130 min.
Tirante El Blanco zaldun ospetsuak Bizantzioko enperadorearen enkargua jaso du Konstantinoplako hiria turkiarren setiotik askatu dezan. Tirantek Inperioak bere gain jarritako esperantza militarrei uste bezala erantzun die. Bere gizonak almogavare ankerren antzekoak dira eta bera turkiarrak kopuruz gehiago izateari inolako beldurrik ez dion estratega abila. Irabazten dakienez, irabazi egiten du, eta ondoren, bere garaipena Carmesinak bere-berea duen hori eman diezaion erabili beharko du: neskaren birjintasuna. Carmesina -ume bat, kasik- izango da Inperioaren oinordeko bakarra ziur aski. Tirante gaztea eta erakargarria da, eta bere ustetan, guztiz garaiezina. Akats bakarra dauka: Tirantek ez du jatorri noblerik.
Mireia Ros
Espainia 
122 min.
80ko hamarkada. Gandhi, Fontán eta Andrade legionario ohiek bizirik irautea lege duen auzunea kontrolpean daukate; eta bertan, Nen eta honen lagun Palito, Topo eta Tostao rumbaren munduan arrakasta lortzeko irrikitan daude. Nenen aita, El Guacho ezizenez, rumba abeslari handi bat izan zen, baina haren oroimena besterik ez zaio geratzen. Nenek haren desagerpenaren arrazoien berri jakingo du eta horretan Chata bere amaren eta Gandhi, auzoko nagusiaren arteko harremanak izan zuen eragina. Mendeku gogoa arrakasta lortzeko irrikarekin nahastuko zaio orduan.
Joaquín Jordá
Espainia 
117 min.
Veinte años no es nada pelikulak gure herriko azken hogeita bost urteetako historia berregin asmo du, 70eko hamarkada bukaeran Numax fabrikako ahalegin autogestionarioaren protagonisten bizi-ibilbidetik abiatuz. Joaquín Jordák 1979an gertakizun hari buruzko argibideak bilduz filmaturiko Numax presenta... pelikularen amaierako sekuentzia da film berriaren abiapuntua, zeinean pertsona haiek geroztik izandako bizimodua kontatzen zaigun. Langile hauek hogeita bost urte hauetan utzitako arrastoek, industri birmoldaketaren garai latzak bizi izan zituen langile-klase eta belaunaldiaren erretratu zehatza eskaintzen digute eta honez gain, haien esperientzia gure herriko azken urteetako historia bizia berrikusteko eta deskribatzeko baliagarri zaigu. Kontua, azken finean, duela mende laurdena Numax presenta? filmarekin irekitako zirkulua ixtea da.
Isabel Coixet
Espainia 
112 min.
Itsasoaren erdian isolatutako toki bat. Gizonezkoek soilik lan egiten duten petrolio-plataforma batean istripu bat gertatu da. Bere iragana ahaztu nahian dabilen emakume bakarti eta misteriotsu bat petrolio-plataformara eramango dute bolada batez itsu geratu den gizon bat zaindu dezan. Bien artean gertutasun bitxi bat hozituz doa, sekretu, egi, gezur, umore eta saminez beteriko lotura bat, eta bertatik ez dira, ez bata ez bestea, ondoriorik gabe aterako, beren bizitzak betirako aldatu baitira.
Pedro Almodóvar
Espainia 
122 min.
Emakumezkoen hiru belaunaldik haize solanoaren, suaren, eromenaren, sineskeriaren eta baita heriotzaren aurrean ere bizirik diraute ontasunari, gezurrei eta bizitasun mugagabe bati esker. Honakoak dira, Raimunda, langabe batekin ezkondua eta alaba nerabe bat duena. Sole, haren ahizpa, ile-apaintzailea da ogibidez. Eta bere senarrarekin sute batean hildako euren ama. Pertsonaia hau lehenbizi bere ahizpari eta gero Soleri agertuko zaie, halere, konpondu beharreko kontuak Raimunda alabarekin zeuzkan eta herriko bere bizilagunarekin, Agustinarekin. Bizidunak eta hildakoak elkarrekin bizi dira arazorik gabe. Almodóvarren jaioterri den Mantxako heriotzaren kulturari buruzko pelikula da, bertakoek naturaltasun miresgarriz bizi dutena. Hildakoak euren bizitzetan irauteko modua, bere errituen aberastasuna eta gizatasuna direla eta, ez dira sekula santan hilko.
Carlos Rodríguez
Espainia 
80 min.
Lidia, Nastia eta Andrei Txernobilgo katastrofeak kutsaturiko zonaldeetan bizi diren hiru haur ukrainar dira. Istripua gertatu eta askoz geroago jaioak izan arren, hirurek daukate Txernobileko Ziurtagiria, estatuko zenbait laguntza eta diru-laguntzetarako aukera ematen dien txartel bat, nahiz eta jaiotzetik euren bizitzetan betirako arrastoa uzten duen zama ere baden. Historiako istripu nuklear larriena gertatu eta hogei urte geroago, hiru neska-mutiko hauen bizitzen erretratua zirriborratzen da.
Carlos Martín Ferrera
Espainia 
82 min.
Miguel zulo batean esnatu da zergatik ez dakiela. Hasiera batean nahaste bat dirudiena, gero egia latz bihurtuko da. Ikus ditzakeen bi pertsona txanodun bakarrekin inolako negoziazio eta harreman aukerarik gabe, Miguelek etsipen-prozesu bati ekin eta fisikoki eta psikologikoki bizirik irauteko borrokatu beharko du.
Albert Albacete
Espainia 
90 min.
Zer ari da gertatzen Afrikan Mendebalderako inmigrazio jendetsuarekin? Nola ari da aldatzen herrialde hauetako bizimodua? Bienvenido Mister Kaita afrikar kontinenteko jatorriko herrialdeetan emigrazioak eragindako ondorioen ikuspegi egiazale eta harrigarria da.
Harmonía Carmona
Espainia 
90 min.
Alaitasunez eta borondate eraldatzailez beteriko amodio, elkartasun eta konpromisozko istorioak. Prostituzioaren mundua ez zen sekula halako hitzekin uztartu. Muerte de una puta aurreiritzi guztiak hausten dituzten emakume apartak aurkezten dizkigun irukidatze berria da.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: