71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
103 min.
?B for Bertie? hegazkineko tripulazioak matxuratuta doan bonbaketaritik salto egiten du jausgailuez Holanda gainean, eta bertako erresistentziak kolaborazionisten jazarpenetik babestu eta ezkutatu egingo ditu. Pelikulak holandar erresistentziarekiko mirespena agertzen du, eta tripulazioa ingelesek gerrari buruz zituzten jarreren langin adierazgarria da.
Michael Powell
 
123 min.
Kanadako kostaldean urpeko aleman bat hondoratzen dute eta bizirik ateratzen direnak neutral dirauen Estatu Batuetarantz abiatzen dira. Bidean kanadiar herritarren langin adierazgarria ezagutuko dute, bakoitza jatorri etniko, erlijio eta sinesmen ezberdinetakoak, baina guztiak naziek azaldutako argudioen aurka agertzen direnak. Taldea gutxituz doa, eta Hirth teniente fanatikoa bakarrik geratuko da, arlote kanadiar batek mugan bertan harrapatzen duen arte.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
124 min.
Hiru ?erromesek? gerra garaian Canterburytik gertu elkar topatu dute eta gauez neskak erasotzen dituen ?mamu itsasgarriaren? misterioa konpontzen saiatuko dira. Euren ikerketen arabera, balio tradizionalen defendatzaile sutsua den herriko magistratua da susmagarri nagusia. Canterburyn, denek bat-bateko ?bedeinkazioak? jasotzen dituzte, gerraren ondorengo euren etorkizuna igartzen dutenak, eta hortaz, ?mamu itsasgarriaren? misterioa ahazturik geratzen da D. eguneko bezperako ospakizunen artean.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
104 min.
Peter Carterrek hil egin behar zukeen bere bonbaketaritik jausterakoan, baina zeruak ez zuen topatu eta, bitarte horretan, June irrati-operadoretaz maitemintzen da. Medikuen diagnostikoak eta diplomazia zerutarrak bide paraleloak jarraitzen dituzte, eta Peterren medikua hiltzen denean, haren abokatu bihurtuko da zeruan, Peterrentzako denbora gehiago lortuz mundu honetan.
Michael Powell
 
103 min.
Brad, gogaituta dagoen australiar artista bat, bere herrialdetik kanpo bizitu ondoren, karrera hasieran inspirazio iturri izan zituen lekuetara itzuli da: Brisbane-ko kostaldera. Han Cora ezagutuko du, artistarentzat modelo lanetan ibiliko den emakume xalo eta erakargarria. Coraren amona alkoholikoak hainbat arazo eragingo ditu, eta aspaldiko lagun bat ere agertuko da, beren bizkarretik bizi nahian, baina, hala ere, azkenean Brad eta Corak elkar aurkituko dute.
Michael Powell
 
5 min. Film laburra
Powellek film labur hau The Times-en hil ostean argitaraturiko pilotu baten gutuna oinarri hartuz filmatu zuen. Alegiazko ama bere etxean gutuna jasotzen ikusten dugu, bere semearen gaztetako oroitzapenez inguraturik.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
100 min.
Moja talde bat Himalayako komunitate urrun batera bidaltzen dute, eskola bat eta klinika bat sortzeko bertako gobernariak gonbidaturik. Baina taldekide gutxi daude mendi baten tontorrean kokaturiko haizeek astindutako jauregi bateko isolamenduaren tentsioa jasateko trebaturik, tentazioen eta aurre egin beharreko erronken erdian. Ruth ahizpa Dean, gobernariaren administratzaile ingelesaz maiteminez itsutzen da, eta gizonak arbuiatzen duenean, ama nagusia hiltzen saiatuko da, Clodagh serora. Euriteak hasten direnean, mojek euren misioa utziko dute.
Michael Powell
 
60 min.
Bartóken opera bakarra ez zen 1922ra arte agertokietara eraman. Gerora zinearen teorizatzaile izango zen Balaszek 1911n idatzitako libreto sinbolistan oinarritzen da. Dukeak bere zortzigarren emazteari gogo txarrez irekitzen dizkio bere gazteluko zazpi ateak, hauek ezkutatzen dituzten sekretu odoltsuak erakusteko, hau bere aurreko emazteen mamuekin elkartu baino lehen, iluntasun erabatekoaren aurretik.
Michael Powell
 
92 min.
The Spy in Black filmaz arrakasta lortu orduko, Powell eta Pressburgerrek gerra garaiko lehen egunetan girotutako misteriozko film bat egitea pentsatu zuten, osagai satiriko ugariz zipriztindua. Londonen batik bat jatetxe eta kabaretetan aritzen den alemaniar espioitzako sare bat agerian utzi nahi duen kapitain daniar bat da Andersen. Jazarpenak Fritz Langi omenaldi franko egiten dizkio eta Jungeri irudimen handiko dekoratuak diseinatzeko aukera ematen dio.
Michael Powell
 
66 min.
Chrisek mailegu-emaile batengana jotzen du, baina hau hilda topatu eta bere nagusiaren emaztea, Doris, bertatik ateratzen ikusten du. Emakumeak ikusitakoa isilpean gorde dezan eskatzen dio, baina Chris Dorisen etxera doa eta garajean nagusia hilda aurkitzen du. Dorisi aurre ematen dionean, honek den-dena aitortu eta bere burua poliziaren eskutan uzten du.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
110 min.
Hazel, naturan hazitako neskatxa bat da, XIX. mende bukaeran Shropshireko mugaldean bizi dena. Arpajole itsu baten alaba da eta bere ama zenaren sineskeriekin obsesionatuta bizi da. Bertako jauntxo sadikoarengan, Jack Reddingengan, erakarrita sentitzen den arren, Marston apaiz otsanarekin ezkontzea onartuko du, nahiz eta bien arteko ezulertuak ugariak diren, eta Hazelek bere azeri maitearekin ehiztari batzuengandik ihesi doala heriotza aurkituko du.
Michael Powell
 
78 min.
Politikari garrantzitsu baten idazkariak honen alabarekin, Jodyrekin, ezkondu nahi du baina aurretik bere izena garbitu beharko du, bere aita ospea zikinduta hil baitzen. Bere aitaren alde atera dadin politikariaren emaztea konbentzitu nahi du plan nahasi samar baten bidez; baina emakumea ezustean hiltzen da, bere botikaren dosia oker ematen diotenean, eta susmagarri nagusitzat idazkaria jotzen dute. Azkenean emaztearen aitorpena aditzera ematen da eta idazkariak Jodyrekin ezkondu ahal izango du.
Michael Powell
 
77 min.
Duela gutxi aurkitutako film hau komedia musikalaren eta satira politikoaren arteko nahasketa bitxia da, bertan anarkista dibertigarri talde bat noblezia-titulu baten etorkizun gutxiko oinordekoa bahitzen saiatuko delarik, eta Powellen umore-sena eta genero zinematografiko ezberdinak nahasteko bere gaitasuna erakusten ditu.
Michael Powell
 
53 min.
Kostaldeko hotel baten oinordeko inozoak bere apopilo batzuk esaten dutena ez direla ohartuko da, eta lapurreta ospetsu baten harrapakina hotela eraiki zen tokian lurperatuta dagoela.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
91 min.
Joanek beti jakin izan du nondik-nora zihoan, umetandik enpresa garrantzitsu baten jabearekin ezkontzera doan uneraino. Alabaina, Eskoziako uharte batean ezkontzera iparralderantz dihoala, bizitzea arrakasta materiala lortzea baino gehiago dela ohartuko da. Ekaitz bat noiz baretuko zain dagoela, bere senargaiak errentatu duen uhartearen jabea ezagutu, eta honekin maiteminduko da. Ekaitzaren ondoren, euren etorkizuna elkarrekin egitea erabakiko dute.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
104 min.
Gerra abentura batean oinarritutako istorioa da, hain zuzen ere Zipren dauden alemaniar indar armatuen agintaria bere tropen muturren aurrean bahitzeko plan ausartari buruzkoa. Leigh-Fermor eta Moss militar britainiarrek burutuko dute plana, ardura handirik gabe, eta bertako erresistentziaren laguntzaz.
Michael Powell
 
65 min.
Gainbehera egindako aristokratei buruzko komedia, seme zahar alferra iparramerikar oinordeko aberats batekin ezkonduz familiaren ondasunak berregin nahi dituztenak.
Michael Powell
 
105 min.
Kit eta honen emazte Anna, ezkontzean bere karrera utzi duen dantzaria, Espainiara doaz eztei-bidaian. Bertan, Antonio dantzari sonatua ezagutu dute, eta honek Anna berriz dantzatzen has dadin tentatu nahi du, haren bikote gisa gainera. Beren kabriolet autoaz noranahi doazela, dela Santiago, Madrid edo Granadara, Kitek eta Annak Antonio topatuko dute. Dantzariak Anna bere hurrengo ikuskizunaren mundu mailako biran protagonista izan dadin atzera ere zirikatzen du.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
101 min.
Strauss-en opereta ezaguna gerraosteko Vienara lekualdatu zuten film honetan. Okupazioko lau potentziek -Estatu Batuek, Sobiet Batasunak, Frantziak eta Britainia Handiak- ez dute behar bezala gobernatzen, eta beren ordezkari hedonistak harrapakin erraza dira ?Saguzar? ezizena duen Falke doktorearentzat. Heckroth arte zuzendaria sortu berria zen Zinemaskope prozesuaz baliatu zen, gerraosteko Europaren itxura monotonoaren erdian Viena kolorez beterik agerrarazteko.
Michael Powell
 
109 min.
Mark, estudio bateko operadore-laguntzailea eta zinezaletua berau, aitak txikitan egin zizkion esperimentu psikologikoen eraginpean hazi zen. Orain bera da saiakuntzak egiten dituena, alegia, gauzatzen dituen hilketak filmatzen ditu. Uste handirik gabe baina, Helenekin harreman bat hasiko du, zeina haren etxean bertan bere ama itsuarekin bizi den, eta kamera magiko bati buruz idatzi duen haur-liburua Markek irudiztatu dezan nahi duen. Alabaina, Markek ezingo dio bere hiltzaile-senari eutsi eta azkenean bere buruaren hilketa filmatuko du.
Michael Powell
 
69 min.
Clydesideko armadore batek bere enpresa arriskuan jartzen du diseinu berri bat garatzeko, baina ez du Administrazio Kontseilua alde izango. Ezezkoa jaso baino lehen, sinadura bat faltsutuko du finantziazioaren handitzea lortzeko. Orduan, atxilotu egingo dute, baina ontziak arrakasta izango du. Parte batean Glasgowko kanpoaldetan filmatua, eta Banksen antzezpen dinamikoa barne duela, pelikulak gaurkotasun izpi bat ekarri zuen Depresioaren ostean.
Michael Powell
 
24 min.
Foula uhartera garamatzate bisitan The Edge of the World filmaren jatorrizko lantaldeko kide eta aktoreek. Horien artean, Powell, John Laurie, Grant Sutherland, Sydney Streeter eta Frankie Reidy Powell ageri dira. 1937ko film horretaz beste bertsio bat egin zuten 1940an (62 minutuko iraupena du) eta azken horren sarrera eta epilogo itxura hartzen du oraingoak.
Michael Powell
 
47 min. Film laburra
Ezezagun misteriotsu batek negozio-gizon bat mehatxatuko du, eta hau gero hilik agertuko da, baina aseguru-etxearen ikerketak erasotzailea haren asmazioa zela argituko du.
Michael Powell
 
69 min.
Kotxe-saltzaile axolagabe bat garrantzizko negoziodun handiki baten alabaz maitemindu da. Neskak mutila bere aitari aurkeztu dio, hau nor den esan gabe ordea. Handikiak ez du mutilaren gasolindegi-kate berri baten proiektuan batere interesik, baina ideia beste enpresa lehiakide bati saltzea bururatzen zaio.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
119 min.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenetik Atlantikoko merkantzi ontziei eraso eginez dihardu alemaniar ?sakelako korazatu? batek, Graf Spee izenekoak, alegia. Haren atzetik abiatuko da Ingalaterrako gerra ontzidi bat, eta ihesi dabilen ontzi alemaniarrak Montevideoko portu neutralean babes hartzea lortu baino lehen harrapatu behar dutenez, gudu bortitz batean sartuko dira. Gidoia, neurri batean, Graf Spee ontziak harrapatutako Dove kapitainaren deskripzioan oinarritu zen; filmean, kapitaina gizon isil eta duintzat aurkezten zaigu. Azkenean, ontzia urperatzeko erabakia hartuko du.
Michael Powell
 
55 min.
Metroan doan ikasle bat hori koloreko bihurtuko da bat-batean. Geroago, mutikoari Nick etorriko zaio bisitan, bere telebistatik ateratako estralurtar bat, eta honek Londresko Dorrean zehar ibiltzera eramango du. Baina harrapatu eta traizio egin izana leporatuko diote umeari. Burua moztear daudela, Nick-en laguntzaz etxera iristea lortuko du, eta han bere kolorea itzuliko zaio.
Michael Powell
 
80 min.
St. Kildaren ebakuazioan oinarrituz, Powellek bi familia sortu zituen, urruneko Hirta uharteko bi fakzioak ordezkatzen zituztenak. Mansondarrak bertan geratu eta nekez bada ere, modu tradizionalean bizimodua atera nahi dute, Graydarrak, aldiz, uhartetik kanpo bizimodu berri bati ekiteko ordua iritsi dela deliberatu dute, tretza berrietan lan eginaz. Andrew Grayk Ruth Mansonekin ezkondu nahi du, baina zoritxarra tartean sartuko da: Ruthen neba, labar baten gailurrera zein lehenago iritsiko Andrewekiko erronkan hilko da.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
109 min.
Sir Percy Blakeney-k Galesko printzearen jarraigoko kide irtirin bat izatearen itxurak egiten ditu, baina, egiaz, Izu garaian jendeari Frantziatik irteten laguntzen dihardu, eta baita Chauvelin-ekin norgehiagokan ere, bietako argien nor ote indarrak neurtzen. Hasieran film musikaltzat sortu bazuten ere, azken unean antzinako garaietako film dibertigarri bihurtu zuten.
Michael Powell
 
77 min.
Sute-ikertzaile batek enpresa handi bat sortzen du eta Lloyds-eko aseguratzaile baten alabarekin ezkontzen da. Joko-zorrak ditu ordea, eta horregatik, zorrak kitatzeko, supiztaile batekin elkartuko da; baina mozorroa kentzen diotenean, beste ikertzaile bat erreskatatu ondoren bere burua hiltzen saiatuko da. Garai hartako egunkarietako albiste batean oinarritutako istorioa da.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
163 min.
Candy jenerala lo harrapatzen dute bertako miliziaren ariketa baten bezperatan, eta Lehen Mundu Gerra baino lehen gauzaturiko balentriak gogoraraziz defendatzen du bere burua; gerra garaian Theo alemaniarrarekin adiskidetasun luze bat eta bere emakume ideal iheskorraren bilaketa hasi zituen. Desfasaturik egotea leporatzen diotenean, naziak garaitzeko taktika berrien beharra onartu bai, baina sinesten dituen balioak berretsiko ditu.
Michael Powell, Desmond Hurst, Adrian Brunel, (Alexander Korda)
 
76 min.
Herriaren morala igotzeko pelikula hau Kordaren aholkuz azkar pentsatu eta filmatu zen, bertan Richardsonek zetorkien borrokaren inguruko gogoeta egiten duen RAF-ko ofizial bat haragitzen duelarik. Alemaniar zorroztasuna eta tradizio britaniarra alderatzen dituen material dokumentalaz tartekaturik, gerrako lehen momentuak berreraiki eta heziketako material zatiak ere barne ditu eta baita Fire over England (William K. Howard, 1937) filmako pasarte bat ere, non Flora Robson Isabel I.aren paperean agertzen den.
Michael Powell
 
63 min.
Plastiko-konpainia bateko zuzendariek suaren kontrako material berri bat garatzeko lehiaketa bat iragartzen dute, Kimikako departamentuko buru berria izango denaren izendapena erabakiko duena. Thompson Maryk irabaziko ote dion beldur da. Hartara, Johnek Mary dibertitu dezan limurtzen du, harekin maiteminduta egotearen plantak eginaz, baina itxura egia bihurtzen da. Thompson maitasun-harremana zapuzten saiatzen den arren, bere asmoa ageri-agerian geratuko da.
Michael Powell
 
61 min.
Prentsa munduko handiki batek bere herrian bisitan dagoen printzesa baten omenez luxuzko festa bat eskaintzen dio, eta bere gonbidatuei ?hiltzailea nor den? jolasteko proposatu die. Argiak berriro piztu dituztenean, handikia hilda agertu da eta bertan dauden ia guztiak susmagarri dira. Hilketa Guy, haren idazkariari leporatzen zaion arren, epaiketa bitartean, Chiddiatt, nobelagile ?moderno? itxurati batek, erotu eta bere buruaz beste egin aurretik, errudun dela aitortzen die.
Michael Powell
 
75 min.
Gertaera misteriotsuak antzeman dituzten leku batetik gertu dagoen itsasargi batera, farozain berri bat iristen da. Itsas armadako ofizial bat eginkizun sekretuan eta emakumezko detektibe bat bertan azaltzen dira eta itsasargia itzaltzeko urperatzeak sortarazi, ontziak itsasertzera erakarri eta arpilatzen dituzten talde baten konplota agerian uzten dute.
Michael Powell
 
110 min.
Desfile militar batean dabilela, ofizial gazte bat zenbait gauza oroitzen hasten da: Sandhurst-en hartutako heziketa, eta Ekialde Ertainean aire-zubi bat berrezartzeko egindako operazioa; hain zuzen, han nola saiatu zen bere aitak berarengan jarritako itxaropenak betetzen. Aita militar elbarritua du, eta, borrokan hildako beste seme baten heriotza gainditu ezinean, ametsezko mundu batean bizi da, jostailuzko soldaduekin batailak irudikatuz. Azkenean, zeremonia militarra entzuten ari dela, bere semearen lorpenak onartuko ditu.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
134 min.
Pressburgerrek baleteko dantzari bati buruzko lehen gidoia -zeinean bere begikoaren gain erabateko kontrola duen zaintzailearen irudia eta Hans Christian Andersenen istorioa batzen diren- 30eko hamarkadako bukaeran idatzi zuen Kordaren enkarguz, alabaina, artea eguneroko bizitzaz elikatzen, eta azken batean, berau suntsitzen duen alegoria bat sortzeko berreskuratu zuten The Arches-ek. Vicky Pagek arrakasta lortuko du Boris Lermontov enpresarioaren eskutik, baina gero bere senar Julianek, konpositore batek, aukeratzea behartuko du, eta horrek heriotzera eramango du.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
106 min.
Sammy Rice zientifiko elbarri bat da, artilleria eta bonba-detonagailuetan aditua. Bere minusbaliotasunak eta bere lanean muturra sartzen duten handi-mandi zibil nahiz militarrek darabilten politikakeriak saminduta daukate. Eta gainera, bere nagusi jasanezina, R. B. Waring, Sammyk maite duen Susanen atzetik dabil. Honela, bonba aleman baten funtzionamenduari erraiak ateratzeko ahalegin obsesiboaren istorioa, Susanekiko maitasun eramanezinarekin gurutzatuko zaio.
Michael Powell
 
13 min. Film laburra
Stuttgart-en sortutako baleta dugu, garai hartan Heckroth arte zuzendaria hiri horretan baitzebilen lanean. Paul Dukas-en ?scherzo?aren istorio berean dago oinarrituta -Disneyren Fantasia-n erabilitako horretan-, baina Powellen filmak ez du bi obra horien inolako zorrik.
Michael Powell
 
82 min.
Lehen Mundu-Gerra bitartean, ofizial aleman bat Scapa Flow britainiar ontzi-basean sartzen da, bere kontaktua atzeman eta agente britainiar batek hura ordezkatu duela konturatu gabe. Bata bestearengana erakarrita sentitzen diren arren, Hardtek bere sabotaje eginkizunekin jarraituko du eta ?Joan?-ek bereekin, hark hutsegin dezala ziurtatzea, alegia.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
127 min.
Offenbachen azken opera, E. T. A. Hoffmann, naturaz gaindiko literaturaren maisuaren hiru ipuin artegagarrietan oinarritua. Hoffmann, poeta zorigabekoaren paperean azaltzen da, maitasunean beti engainaturik; lehenik, maitemindu duen panpin mekaniko baten asmatzaileak; gero, prostituta veneziar batek eta honen zaintzaileak, eta, azkenik, Mirari doktore maltzurraren eraginpean hilzorian dagoen abeslari batek.
Michael Powell, Ludwig Berger, Tim Whelan, (Zoltan Korda), (William Cameron Menzies), (Alexander Korda)
 
106 min.
Mila eta bat gau-ren pasarteetan oinarritutako Fairbanks eta Walshen 1924ko pelikula klasikoaren moldaketa berria. Ume-eskale batek Jaffar bisir gaiztoaren egitasmoak zapuztuko ditu, askatu duen jeinu magikoaren laguntzaz. Bertsio honek ikuskizuna eta kolorearen erabilera nabarmentzen ditu. Korda ez zegoen Ludwin Bergerren lanarekin ados, eta Powelli eta Whelani deitu zien zenbait eszena zuzendu zitzaten; Powellen kasuan, batik bat, Veidtek eta Sabuk parte hartzen zuten horiek zuzentzeko.
Michael Powell, Emeric Pressburger
 
24 min. Film laburra
Gazteak Ontzi Hegazkintzara erakartzeko promoziozko pelikula, jadanik pilotu zebilen Ralph Richardsonek The Archersekin zuen adiskidetasunaz baliatzen zena. Bertan modu umoretsu, ia surrealistan, alderatzen ditu haren gerra aurreko aktore bizitza hegazkin-ontziko jarduneko zerbitzuarekin.
Michael Powell
 
112 min.
Nino izeneko italiar kazetari bat Sydneyra aldatu da, bere lehengusuak italieraz kaleratzen duen egunkarian lan egitera, baina, hara iristean, lehengusua Kanadara ihesi joan dela eta zor ugari utzi dituela ohartuko da. Nino haiek kitatzen eta ingelesez ikasten hasiko da, eta, bide batez, Australia eta bertako ohiturak ezagutuz ere joango da.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: